BERRIA FM

Berria FMk aurrez aurreko emanaldi bat egingo du gaur Iruñeko Katakraken

Emakumeen Nazioarteko Egunaren atarian grabatuko dute saio berezia.

(ID_12642818) Uxue Rey eta Ane Eslava \'Berria FM\' podcasteko aurkezle berriak.
Uxue Rey eta Ane Eslaba, 'Berria FM' podcasteko aurkezleak. MENDI URRUZUNO
pettan uralde
2024ko martxoaren 6a
05:00
Entzun

Urtebeteko bidea egin du Berria FMren bigarren aldiak; hain justu ere, Martxoaren 8aren, hau da, Emakumeen Nazioarteko Egunaren ingurumarietan. Horiek hala, ohiko estudiotik aterako da gaur BERRIAren podcast feminista, eta hizlariak jendaurrean mintzatuko zaizkie mikrofonoei. Izan ere, gaur arratsaldeko zazpietan, saio berezia grabatuko dute Iruñeko Katakrakeko egongelan, eta BERRIAlagunek aukera izango dute hura zuzenean ikusteko eta aditzeko. Emaitza martxoaren 8an sareratuko dute, BERRIAn eta ohiko plataformetan. Ane Eslaba podcastaren gidariak adierazi du «urtebeteko ibilbidea ospatzeko modu polita» izango dela.

Emankizunaren aurretik, Ane Eslabak balorazioa egin du, azken hamabi hilabeteetan Uxue Reyren ondoan izandako bizipenak oinarri hartuta. «Urte honetako esperientzia oso ona izan da. Ilusioz ekin genion bide honi, Maider Galardiri lekukoa hartuta; ikasteko gogoz geunden». «Bidean ikasiz» joan direla azpimarratu du. «Eta pixkanaka ikasten ari gara formatu honek zer aukera dituen. Gutxinaka, gure estiloa edo eroso sentitzeko modua bilatzen hasi gara».

Historikoki –eta are gehiago azken urteotako olatu feministaren barruan– aldarrikapenak kalera ateratzeko eta indar erakustaldia egiteko eguna da Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna; ez bakarra, ordea. 2023ko azaroaren 30ean Euskal Herriko lehenbiziko greba feminista orokorra egin izanak beste mugarri bat ezarri du borrokan, eta pausoak zer norabidetan eman behar diren erakutsi, batik bat zaintzari buruzko eztabaidari helduta. Hain justu ere, horiei guztiei buruzko hausnarketak bilduko ditu Berria FMren gaurko saio bereziak. «Urte osoan askotariko gaiak jorratzeko aukera izan dugu, batzuk aktualitateari lotuagoak, besteak atenporalagoak, eta, tartean, greba feminista orokorra ere izan dugu. Oso mugarri garrantzitsua izan zen Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat, eta hori kontatzeko aukera izatea oso ederra izan da».

Uxue Rey eta Ane Eslaba bi gonbidaturen hausnarketetara batuko dira Katakraken: Uzuri Castelo soziologoa eta Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kidea. «Formatua berria da guretzat, ez gaude ohituta, eta erronka txiki bat izango da. Polita izango da estudiotik atera eta BERRIAlagunekin parez pare egotea». Hizketaldiaren ardatza zaintzaren gaia izango dela berretsi du Eslabak. «Solasaldi bat egingo dugu gonbidatuekin, eta mugimendu feministak azken urtean egindako bidearen eta ezarritako mugarrien inguruan arituko gara hizketan. Egungo agenda feminista errepasatuko dugu, batez ere zaintzaren inguruan eztabaidatuz, hori baita mugimendu feministaren gai nagusia».

Gainontzeko eskaintza

Martxoaren 8aren harira, irrati, egunkari eta telebista kateek askotariko edukiak prestatu dituzte egun horretarako. BERRIAk, esate baterako, zortzi orrialdeko gehigarri informatibo bat argitaratuko du. Eguneko mobilizazioen inguruko informazioa emango du hartan, mugimendu feministaren mugarriak aipatu, eta Ainhoa Olaso Euskal Herriko Bilgune Feministako kideari elkarrizketa egingo diote.

Hamaika Telebistari dagokionez, 17:30etik 20:30era Martxoaren 8ari buruzko saio berezia egingo du, eta tokian tokiko mobilizazioen berri eman. EITBn, berriz, martxoaren 8ko mobilizazioek «toki zabala» izango dute albistegietan, eta egun guztian emango dute hango eta hemengo ekinaldien berri, bai telebistan eta baita irratian ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.