Gazte bat balitz, unibertsitate ikasketak amaituak lituzke, edo lanean dezenteko esperientzia pilatua luke honezkero. Ekainaren 21ean BERRIAk 23 urte beteko ditu. Etorkizunari itxaropenez eta grinaz begiratzen dion gaztea da, baina, Euskal Herriko bere adineko edozein gaztek bezala, independentziarako bidean esker onez hartuko luke ingurukoen laguntza eta bultzadatxoa. Egun hauetan, kanpaina berezi bat egiten ari da BERRIA, lagunak inguratzeko. Ekarpena egiten dutenek udarako moduko elastiko pertxenta jasoko dute opari, igandera arte. Mariñe Arbeok diseinatu du, eta Euskarak badu egunkari bat leloa du idatzia. BERRIA izan da egunkari nazional hori, 23 urtez.

Izan ere, BERRIA ez zen larre luzean jaio, baizik eta etxe batean non larrutik ikasi baitzuten zer diren injustiziaren mailua eta hiru adarrak. 2003. urtean, otsoen hilabeteak 20 zituenean, Guardia Zibila Andoaingo Martin Ugalde kultur parkera sartu eta Euskaldunon Egunkaria itxi zuen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmoren aginduz. Atxilotu egin zituzten Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Luis Goia, Inma Gomila, Xabier Alegria eta Fermin Lazkano. Martxelo Otamendi zuzendaria inkomunikaziotik atera zenean, Euskal Herriaren odola izoztu egin zen jasotako tratuaren berri eman zuenean telebistetako kameren aurrean: «Nahi dutena egiten dute: arratoiak bezala tratatu gaituzte. Joan Mari Torrealdai, euskal kulturaren ikur bat, jipoitu egin dute; niri poltsa jarri didate buruan...».

Estatuaren zingiretan hori gertatzen ari zen bitartean, milaka herritar atera ziren kalera, otsailaren 22an, Donostian inoiz ikusi diren manifestaziorik handienetako batean.
Gogoan iltzatuta geratuko ziren egun haietako leloak: Egunkaria aurrera. Bai euskarari pankartaren atzean ibili ziren Donostian, eta manifestari askok Egunero izeneko egunkari bat zeramaten eskuan, izenburu honekin: Itxia, baina ez isildua. Izan ere, Euskaldunon Egunkaria-ko langileek kazeta bat inprobisatu zuten itxitakoa berehala ordezkatzeko. Euskarazko prentsaren katea ez zen eten. Gaurdaino.
Hurrengo hilabeteetan mobilizazio orokorra izan zen Euskal Herrian, indarrak biltzeko eta, batez ere, dirua. Helburua: Euskaldunon Egunkaria itxi zutenek eragindako hutsunea behin betiko betetzea. Urte hartako udako solstizioak ekarri zuen BERRIA.
Geroztik, euskarazko egunkari nazionalak ospatu du adin nagusitasuna, eta, bereziki, 20. urteurrena, 2023an. Urtebetetze borobilaz baliatu zen BERRIA zuzendari makila pasatzeko. Amagoia Mujika Tolaretxipi kazetariak jaso zuen lekukoa, Martxelo Otamendiren eskutik, hark erretiroa hartuko zuelako hiru hamarkadaz Euskaldunon Egunkaria-ko eta BERRIAko zuzendari aritu eta gero. Donostiako Tabakaleran ekitaldi handia egin zuten, ospatzeko eta etorkizunerako planak aurkezteko.Â
Asmo horien artean zen lan moldeak eta tresnak aldatzea jauzi digital bat egiteko, sarean zerbitzu hobea emateko, eta paperean, kalitatezko egunkari bat egiten jarraitzeko geroan ere. Horren lekukoa da irakurleak oraintxe bertan begien aurrean duen webgunea, dela telefonoan, dela ordenagailuan.
Ikusi gehiago
Esan bezala, helduarorako bidean den gaztea da BERRIA. Herri ekimenetik jaio zen, eta herri ekimenari esker bizi da oraindik ere. Izan ere, gaur egun BERRIAlagunak dira bultzada horren motor nagusietakoak. Eta BERRIAri eusteaz gain, ekarpen baten truke abantailak lortzen dituzte horiek; esaterako, inork baino lehenago irakurri ahal izaten dute eduki berezi ugari eta PDF formatuan ere bezperan gauean irakur dezakete hurrengo eguneko egunkaria.