BERRIAk 'Adimen artifizialaren eragina kazetaritzan' jardunaldia antolatu du biharko

Patricia Venturak eta Aaron Casanovak hitzaldi bana emango dute. Euskarazko mahai inguru bat izango da gero. Bilboko Bizkaia aretoan egingo dute, 09:30etik 13:00etara.

Eider Goenaga eta Irene Arrarats BERRIAren adimen artifizialari buruzko dekalogoa aurkezten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eider Goenaga eta Irene Arrarats BERRIAren adimen artifizialari buruzko dekalogoa aurkezten. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adimen artifizialak kazetaritzan nolako eragina duen aztertzeko, BERRIAk jardunaldi bat antolatu du. Bilboko Bizkaia aretoan egingo dute, bihar, 09:30etik 13:00etara. Jardunaldira joan nahi duen orok izena eman dezake —doakoa da—.

Beste komunikabide asko bezala, BERRIA egunkaria adimen artifizialak dakartzan erronkak aztertzen ari da. Lanketa horren barne, adimen artifiziala erabiltzeko berariazko irizpide deontologikoen dekalogo bat sortu eta formalizatu du euskarazko hedabideak. Ekainean aurkeztu zuen, eta estilo liburuan jasota dago. Bestetik, biharko jardunaldia antolatzeko hainbat arrazoi badaudela azaldu du Idurre Lazkano BERRIAko Edizio arduradunak: «Adimen artifizialaren eztandak sekulako eragina du kazetaritzan. Alfabetatze mediatiko bat egin behar dugu, eta desinformazioaren aurkako lanketa bat egin. Bestetik, adimen artifizialak arrakala digital eta kultural bat sortzen du euskarari dagokionez, eta horregatik da garrantzitsua halako jardunaldi bat egitea». Euskarazko egunkariak arduraz jokatu nahi du gai horren inguruan. «Erantzukizun handia daukagu euskal kultura eta euskara arlo digitalean ere sustatzeko. Eta, aldi berean, adimen artifizialaz ikasteko», gaineratu du Lazkanok. 

Horrenbestez, jardunaldiak aukera emango dio BERRIAri bere ikuspegia emateko eta besteei helarazteko. «Baina baita elkarrekin gogoeta bat egiteko ere». Punta-puntako adituak gonbidatuko dituzte ekitaldira.

Hasierako sarreraren ostean, Patricia Venturak Adimen artifiziala, etika eta komunikazioa: kazetaritza algoritmoen garaian hitzaldia emango du. Eztabaidaren alde etikoari ekingo dio Kataluniako ikerlariak. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko doktorea eta Inteligencia artificial, Ă©tica y comunicaciĂ³n (Adimen artifiziala, etika eta komunikazioa) liburuaren egilea da Ventura. Informazioaren Kataluniako Kontseiluak aurten argitaratu duen ikerketa baten gidaria ere bada. «Hitzaldian, algoritmoen garaian kazetaritzak berak duen balioaz hitz egingo du», iragarri du Lazkanok.

Bigarren hitzaldia Aaron Casanova Financial Times Strategies taldeko aholkulariak emango du. Haren hitzaldiak izenburu hau izango du: Adimen artifizialaren eragina eta aukerak hedabideetan: ikuspegi globala. Lazkanok azaldu duenez, BERRIArentzat iaz aholkularitza lan bat egin zuen Financial Times Strategies taldeak. «Interesgarria iruditzen zaigu nazioarteko ikuspegi hori ekartzea. Guk daukagun kode etikoarekin ere bat egiten dute haiek».

Venturaren hitzaldia gaztelaniaz izango da. Casanovarena, berriz, ingelesez. Bietan aldibereko itzulpena egongo da.

Mahai ingurua, amaitzeko

Bi hitzaldien ostean, atsedenaldi bat egingo dute. Eta 12:00etan, Hedabideak adimen artifizialaren aurrean: erronkak, aukerak eta arriskuak mahai ingurua egingo dute. Solaskideak hauek izango dira: Julen Orbegozo EHUko irakasle eta Gureiker taldeko ikerlaria, Miren Berasategi Komunikazioko doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria, eta Eider Goenaga BERRIAko zuzendariordea. Moderatzaile lanak Jon O. Urain BERRIAko editoreak beteko ditu.

Lazkanok azaldu du «gertuko ikuspegia» ematen saiatuko direla mahai inguru horretan. «Euskararen eta Euskal Herriko egoeraren berri duten solaskideak gonbidatu nahi izan ditugu. Kazetaritzari balioa emateko, osagarria izango da azken solasaldi hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.