BERRIAk lurraldeetako albiste buletinak sortu ditu

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko albiste buletinak astelehen arratsaldeetan banatuko dituzte, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako albiste buletinak, berriz, ostegun arratsaldeetan.

urtzi urkizu
2025eko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tokiko informazioan aurrerapauso bat eman du BERRIAk: lurralde bakoitzerako albiste buletin bat eskainiko die irakurleei. Jada eman daiteke izena buletin horietan. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko albiste buletinak astelehenetan zabalduko dira, 18:00etan; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako buletinak ostegunetan iritsiko zaizkie izena ematen duten irakurleei, 18:00etan horiek ere.

Mikel P. Ansa BERRIAko editoreak nabarmendu du irakurleek «garrantzi handia» ematen diotela tokiko informazioari. «Askotan aipatzen digute BERRIAk ahalegina egin beharko lukeela eremu horretan». Duela urte asko ekin zion egunkariak lurraldeetan eskaintza berezituak egiteari: Nafarroan, Bizkaian... «Beti saiatu gara begi bat jartzen informazio horretan, eta lurraldeetako Hitza-k, astekari moduan, duela hamabost urte sortu ziren». Apustu hori irakurleengana «hobeto» iristeko ahaleginetan ari da BERRIA, eta horren ondorioz egin ditu aldaketa batzuk azkeneko hilabeteetan. 

Bizkaiko eta Gipuzkoako Hitzen paperezko edizioak kendu egin ditu BERRIA Taldeak. «Astekari formatu horrek mugatu egiten gintuen asko, ezin baikenuen Gipuzkoako eta Bizkaiko albiste askotara momentuan iritsi. Beste mota batzuetako gaiak eta beste era batean lantzera bultzatzen gintuen astekariaren martxak». Horiek horrela, irailetik aldatu egin da Gipuzkoako eta Bizkaiko informazioa lantzeko modua, kazetari batzuk zeregin horretan ari baitira egunero. «Modua ematen du lurraldeko informazioari  estuago eta zorrotzago erreparatzeko».

Arabari ere egin diote lekua Interneteko eskaintza horretan, nahiz eta lurralde horren egoera desberdina den: Arabako Alea-k hamar urte bete ditu, eta haren parte da BERRIA. «Apustu hori berresten dugu. Baina, aldi berean, irakurleek esaten ziguten Arabako albisteek tokia behar zutela BERRIAren webgunean, eta hortaz, heldu diogu horri, eta irailetik kazetari bat ari da Arabako albisteak lantzen».

Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko paperezko astekariek bere horretan eusten diote. «Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian euskaldunek ez dituzte paperezko hainbeste erreferente, eta haientzat paperezko eskaintza egitea garrantzitsua da». Irakurleek aukera izango dute lurralde horietako buletinak ere jasotzeko, eta astekariko edukiak ere gehituko dituzte albiste buletinetan.

Bestalde, lurralde bakoitzeko informazioa webgunean ere ematen du BERRIAk; Arabako berriak berria.eus/lurraldeak/araba webgunean biltzen ditu; Bizkaikoak, berria.eus/lurraldeak/bizkaia helbidean; Gipuzkoakoak, berria.eus/lurraldeak/gipuzkoa-n; Ipar Euskal Herrikoak, berria.eus/lurraldeak/ipar-euskal-herria-n; eta Nafarroakoak, berria.eus/lurraldeak/nafarroa-n.

Tokiko eskaintzan beste bat zabalduko du orain BERRIAk, lurraldeetako albisteak irakurleengana errazago iristeko, buletinak sortuta: «Behin izena emanda, buletinak aukera emango du esfortzu handirik gabe nork bere posta elektronikoan lurraldeko albiste nagusiak jasotzeko». Beraz, aste osoan lurraldean gertatutakoaren bilduma jasoko dute buletin bakoitzean.

Astean behin, oraingoz

Hasieran behintzat, astean behin zabalduko dira lurraldeetako albiste buletinak. «Ikusiko dugu zer harrera duten irakurleen artean, eta gerta daiteke etorkizunean maizago ateratzea».

Lurraldeetako albisteak, era berean, Interneteko sare sozialetan zabaltzen dituzte: Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak BERRIAren kontuaren bidez. Nafarroako Hitza-k eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k, berriz, beren kontuak dituzte X sare sozialean, astekariari lotuta. Ipar Euskal Herriko Hitza-k Instagramen ere badu kontua. Hain zuzen ere, Ipar Euskal Herriko Hitza berritu egin zuten iazko azaroan, eta 24 orrialdeko aldizkaria argitaratzen dute orain, ostiralero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.