BERRIAk luze eta zabal emango du bozen berri, eta papereko edizioa aterako du astelehenean

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzak emango dituzte bihar gauean webgunean, emaitzak iritsi bezain laster. Euskarazko egunkaria kioskoetan izango da etzi.

Herritar bat botoa ematen Elgoibarren, 2023an. ARITZ LOIOLA / FOKU
Herritar bat botoa ematen Elgoibarren, 2023an. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko 18 urtetik gorako herritarrak bozkatzera deituak daude biharko. Espainiako Gorteetarako hautagaiak aukeratuko dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: hala Kongresurako nola Senaturako ordezkariak. Hedabide ugarik jarriko dute arreta bozetan, eta, igande gauean, BERRIAk ere luze eta zabal emango du hauteskundeen berri bere webgunean. 

Igandean, goizetik hasita, egunaren zuzeneko kontakizuna egingo dute Berria.eus webgunean —09:00etan hasita—. Egunean zehar gertatzen denaren berri emango dute. Parte hartze datuen berri ere bai. Eta gauean, emaitzak iritsi bezain laster, webgunea eguneratuko dute. Datuak grafikoetan ere emango dituzte, herrialdeka. Eta Espainiako Gobernuan zer alderdik agindu dezakeen ere aztertuko dute kazetariek, datuak aintzat hartuta. Hala, bideo analisi bat ere sareratuko dute gauean. Aitor Garmendia kazetaria Madrilen izango da, eta kronika bat idatziko du handik. Interneteko sare sozialetan ere bozen inguruko albisteak eta datuak zabalduko ditu BERRIAk bere kontuen bitartez.

Astelehenetan ez du paperezko egunkaririk atera ohi BERRIAk, baina hauteskundeen ostean bai, ordea. Hartara, etzi kiosko guztietan salgai izango da papereko edizio berezia. Harpidedunek etxean jasoko dute. Egunkari horretan emaitza guztiak egongo dira bilduta, eta BERRIAko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipiren analisi bat ere irakurri ahalko da. Astelehenean bertan, Berriketan podcastaren atal berezi bat ere sareratuko dute.

Hamaika telebistak saio berezia egingo du bihar, 19:00ean hasita, Naiz irratiarekin elkarlanean.

Saio bereziak EITBn

ETB1eko hauteskundeetako saio berezia Xabier Usabiagak eta Nerea Reparazek aurkeztuko dute, eta gaur gauean izango da. ETB2 katekoa, berriz, Africa Baetak eta Dani Alvarezek. Hainbat analistaren balorazioak izango dituzte saioetan.

Euskadi Irratiak 19:30ean hasiko du zuzeneko saio berezia. Maite Artolak eta Iñigo Alustizak gidatuko dute irratsaioa, gauerdira arte. Solaskideen artean Josune Ariztondo, Eneko Etxeberria, Mikel Serrano eta Felix Arrieta izango dituzte.

Radio Euskadiko emankizun berezia Eider Hurtadok aurkeztuko du, 19:30ean hasita. Datuen jarraipena Imanol Manterolak eta Leizuri Bilbaok egingo dute, eta analista lanetan Naiara Pinedo, Jonathan Garcia, Natalia Rojo eta Cristina Ruiz jarriko dituzte.

EITBk iragarri duenez, ETB1 On eta ETB2 On kateetan emaitzak xehetasun handiz kontsultatu ahalko dituzte herritarrek. Elkarreraginerako modua emango dute, gainera, hainbat pantailaren bidez; Orain zerbitzu digitalaren mapa interaktiboak, emaitza grafikoak eta balizko gobernu itunen simulazioak izango dituzte horretarako. «L interaktibo berria aktibatuko du» talde publikoak ETB1 On eta ETB2 On plataformetan.

Espainiako kate jeneralista guztiek hauteskundeetako saio bereziak egingo dituzte, La Septima kate berriak ere bai —azaroaren 5ean hasi zituen emankizunak lurreko telebista digitalean—.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA