BERRIAk telefonorako aplikazioak garatu ditu, Androiderako eta iOSerako

Googleren eta Appleren dendetatik deskargatu eta instalatu litezke aplikazioak, kolpe batean iristeko egunkariaren eduki eta zerbitzu guztietara.

mikel p ansa
2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskuko telefonoetarako aplikazio berriak garatu ditu BERRIAk, Android eta iOS sistema eragileak dituzten gailuetarako, eta gaurtik aurrera eskura daude Googleren eta Appleren dendetan: bilatzailean berria idatzita topatuko ditu erabiltzaileak, eta handik deskargatu eta instalatu ditzake bere telefonoan. Hartara, kolpe batean iritsi ahalko da egunkariaren eduki eta zerbitzu guztietara.

Audioak entzuteko esperientzia erosoago eta hobe bat eskaintzen dute aplikazio horiek, Pello Urzelai BERRIAren IKT arduradunak azaldu duenez. BERRIAren webgunean ere entzun daitezke podcastak, eta albisteak ere bai, baina aplikazioa instalatzen duenak audio entzungailu osoago bat edukiko du, pantaila osoa hartuko duena, audioan atzera eta aurrera ibiltzeko, eta azkarrago edo mantsoago aditzeko aukera ere emango duena. «Entzungailu hori iOS eta Android sistema eragileetarako egokitua dago, eta entzuteko eta kontrolatzeko aukera gehiago ditu», Urzelairen hitzetan. Gainera, Entzun Berria atalean, eguneko albiste hautatuak aditzeko aukera izango du, eta, horretan, albisteak erreprodukzio zerrenda bat balira bezala entzuteko modua izango du. 

«BERRIA telefonoan irakurri, entzun eta ikusteko beste aukera bat da aplikazioa, nabigatzailean sartu beharrik gabe. BERRIAn zuzenean sartzeko aukera ematen du, eta irakurle batzuek nahiago dute aplikazioak erabili, nabigatzaileak baino». BERRIAk eduki izan ditu telefonorako aplikazioak lehenago ere, baina eguneratu gabe egon dira bolada batez, eta orain aplikazioak erabiltzeko joera handiagoa duten erabiltzaile horien eskariei erantzun nahi izan die egunkariak.

Bestela, egunkariaren eduki eta zerbitzu guztiak eskura izango ditu aplikaziotik BERRIAra sartzen denak: albisteak ez ezik, komunitateko eskaintzak, zozketak, hilberriak, bilatzailea, lurraldeetako informazioa... BERRIAlagunek, erregistratuz gero, PDFa irakurtzeko aukera ere izango dute, nabigatzailean bezala.

Aplikazioan aukera izango dute, gainera, azken 24 orduetako albisteak ordena kronologikoan ikusteko, eskuko telefonoetarako pentsatutako formatu eroso batean, Azken Berriak atalean. Aplikazioaren azpiko aldeko menuan dago aukera hori, Entzun Berria atalaren ondoan —hortik sar liteke BERRIAren podcastetara eta albisteen audioak entzuteko atalera—. Horien aldamenean, beti azpiko menuan, Nire Berria atala ere edukiko dute erabiltzaileek: erregistratuz gero, aukera izango dute euren gogoko gaiak eta egileak aukeratzeko, eta BERRIAren edukiak pertsonalizatzeko: norberak nahi dituen gaiekin eta egileekin osatu ahal izango du azala, gogoko gairik ez galtzeko. Artikuluak gordetzeko aukera ere izango du atal horretan, nahi duenean irakurtzeko edo entzuteko. Zerbitzu horiek nabigatzailetik ere erabil litezke, baina eskuko telefonoetarako egokitutako baliabideak dira, eta aplikaziotik modu erosoan maneiatuko ditu erabiltzaileak.

Horrez gain, jakinarazpenak nabigatzaileetan baino hobeto integratzen direla ere jakinarazi du Urzelaik. «Aplikazioa deskargatzea ez da arazo bat. Oso arina da, eta ez du kasik tokirik okupatzen: hamalau megabyte inguru bakarrik». Irakurleak eta entzuleak BERRIAren aplikazioa probatzera animatu ditu BERRIAren IKT arduradunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.