Anjel Alkainen eta Xabier Euzkitzeren lan ibilbideak berriro gurutzatu dira. Telebista saio bat egiteko batu dira, helburu finko bat buruan: eguneko albisteei zukua ateratzea. Kontrako eztarria umore saioa estreinatuko dute datorren astelehenean, ETB1en, Gaur Egun albistegiaren ondotik. «Gaur-gaurko gaiak izango dira ardatzetako bat», dio Euzkitzek. Halere, euren ikuspegi propioa landuko dute. «Ez da gertatu dena soil-soil kontatzea, gertatu den horri punta ateratzea baizik». Jon Plazaola eta Iker Galartza aktoreak izango dituzte bidelagun zeregin horretan. Lehen grabaketekin hasi dira, eta gustura daude emandakoarekin, baita lantaldean sortutako giroarekin.
Platoan egingo dute saioaren zati handi bat, albistegia izango baitu bizkarrezur. Albistegitik kolaboratzaileekin bat egingo dute. «Fikziozko pertsonaiak izango dira, gaur-gaurko gaien kontura barre egiteko», azaldu du Alkainek. Gibraltarren dagoen guardia zibil bat, betoi blokeak botatzen dituen bat, Siriako berriemailea, EAJko eta ezker abertzaleko jendea... «Albisteekin barre egin nahi dugu», diote. Gaur-gaurko gaiek askorako eman dezaketela badakite, eta pertsonaiak asmatuz joango dira gertaerak jazo ahala. «Gaur Ana Botella izan daiteke, bihar Martxelo Otamendi», dio Alkainek.
Lehenengo saioak grabatuak dituzte, eta nabarmendu bide onetik doazela. «Batzuetan barreari eutsi ezinik... Ondo pasatzen dugu». Saioko zuzendariek diotenez, horixe da garrantzitsuena.«Guk ondo pasatzen badugu, jendeari gustatuko zaio», azaldu du Alkainek. Bide beretik jo du Euzkitzek. «Horrelako umore saio bat egiteko, ezinbestekoa da taldean giro ona edukitzea».
Giro ona oinarri
Saioak aurrera egingo badu giro ona lortzea berebizikoa dela jakitun, «talde lanean aritzeko moduko» pertsonak hautatu dituzte. «Talde polita osatu dugu». Galartza eta Plazaolaren bertuteak goraipatu dituzte biek: «Erraztasunak ematen dituzte, irekiak dira, jarrera onekoak».
Euzkitze eta Plazaola ibiliko dira platoan, eta fikziozko pertsonaiei bidea emango diete. «Jokoa banatzen; Euzkitze Illarramendi da. Baina Realean zegoenean, depresiorik gabe», dio barrez Alkainek.
Sorginen laratza saioan ere elkarrekin lan egindakoak dira Euzkitze eta Alkain. Saio harekin antzekotasunak ikusten ditu Euzkitzek: «Han ere saiatzen ginen gaur-gaurko gaiei punta ateratzen. Hemen ere horixe izango da gure eginkizunetako bat».
Iragarkia grabatu dute lauek, El equipo A telesaila imitatuz. Helikoptero batean ETBn lurreratzea irudikatu dute. M. A. Barracusen rola betetzen du Euzkitzek. «Horixe zen asmoa. Jendeak esatea: 'beltz katxarro hori zein ote da?'», dio Alkainek. Saioaren espiritua adierazi nahi izan dute horrela. «Kristoren ekipoa osatu nahi dugu».
Bisitaria saioarekin alderatuz, erregistro aldaketa handia eskatu dio umore saioak, baina «joko aldaketa» horietan eskarmentua du Euzkitzek. «Aldaketa gehiago nabaritu nuen albistegietan bukatu, eta hilabete gutxira Sorginen Laratza saioa aurkeztean». Gakoa, dio, egiten denazgozatzean dago: «Jendeak ikusten badu gozatzen ari zarela, azkenean normal eta natural hartzen du».
Kolaboratzaile gehiago izango badituzte ere, soilik lau aktoreek eramango dute saioaren zamarik handiena. «Gauzak aldatu egin dira, eta ez daude garai bateko baliabideak. Egokitzen jakin beharra dugu», azaldu du Euzkitzek. Alkainek ere, ez du kexatzeko aitzakiarik ikusten: «Gutxi gara, baina onak».
Komunikazioa
Berrien bestelako ikuspegia
Xabier Euzkitzek eta Anjel Alkainek 'Kontrako eztarria' umore saioa estreinatuko dute astelehenean. «Aktualitateari punta aterako» diote, Iker Galartza eta Jon Plazaola laguntzarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu