Bertsolari aldizkariak 35 urte beteko ditu aurten, eta, hori ospatzeko, bere komunitateari begira sorkuntza berri bat plazaratu du: ABD, bertsolaritzaren alfabetoa bideopodcasta.
Atal bakoitzak letra baten izenburua izango du, eta letra horrekin hasten den kontzeptu baten bueltakoa izango da programa. Aurreneko ataleko protagonista Maddalen Arzallus bertsolaria da; ahotsaz mintzatu da Mikele Arizkorreta aurkezlearekin. Aste honetan bertan sareratu dute.
Podcastaren kontzeptuaren ideia Ane Zuazubiskar kazetari eta bertsolariak izan du; aldizkariko erredakzio batzordeko kidea ere bada Zuazubiskar. Hura izango da programaren gidoilaria.
Arizkorreta erizaina da lanbidez, bertso eskoletan aritua da, eta ibilbide oparoa egin du aktore eta abeslari lanetan: zineman, Hil kanpaiak film luzean eta Bat, Arrano eta Minutu bat film laburrean; telebistan, besteak beste, Go!azen eta Alardea telesailetan; eta antzerkigintzan, Bihar arte soilik lanean. Gaian aditua den norbait gonbidatuko du elkarrizketa egiteko, eta bigarren gonbidatu baten audioa ere sartuko dute programan, lantzen ari den gaiari buruzko ekarpena egiteko.
Zuzeu hedabide digitaleko Urko Uranga eta Anartz Bilbao arduratuko dira programaren grabaketaz. Hedabide horren podcast guztiak, baita euskaraz egiten diren beste asko ere, Podcast.eus helbidean entzun daitezke.
Euskaltzaindiaren ganbaran ari dira grabatzen
Bideopodcast berriaren edizioa Beñat Hach Embareken lana izango da; Bertsolari aldizkariko koordinatzailea eta Zuzeu-ko erredakzioko kidea da Hach Embarek. Iragarri du ABD, bertsolaritzaren alfabetoa bideopodcasteko elkarrizketak desberdinak izango direla. «Irudipena dut bertsolariei egiten zaizkien elkarrizketa asko txapelketaren bueltakoak izaten direla, eta lehia ukitu bat bada horretan. Podcast honetan sorkuntzan sakondu nahi dugu», azaldu du Hach Embarekek. «Bertsolariek erabiltzen dituzten baliabideak eta bertsolaritzaren barnean ager daitezkeen hainbat faktore sakontasun apur batekin landu nahi ditugu. Eta, horretarako, gonbidatu bakoitzarekin gai baten inguruan ariko gara».
Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilaria arduratuko da programak eszenaratzeaz. Aldizkariko erredakzioko taldekoa da, baita diseinatzailea ere.
Euskaltzaindia, bestalde, egitasmokoaren laguntzailea da; erakundearen Donostiako egoitzako ganbaran grabatzen ari dira programa, Luis Villasante eraikinean.
Atal pilotuan, Mikele Arizkorretak Beñat Hach Embarek eta Unai Gaztelumendi elkarrizketatu zituen, programaren nondik norako nagusien berri izateko.