Bi emakumek salatu dute Erresuma Batuko saio batean bortxatu egin dituztela

BBCren 'Panorama' saioan salatu dituzte Channel4 kateko 'Married at First Sight' saioan sufritu zituzten erasoak. Beste emakume batek, berriz, adierazi du abusuak eta sexu jokabide desegokiak jasan zituela.

'Married at First Sight' saioa. BBC
'Married at First Sight' saioa. BBC
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 19a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresuma Batuan ahoz aho dabilen auzia da Channel4 kateko Married at First Sight saioarena. Reality show horretan —hainbat herrialdetan egokitu dute formatua—, parte hartzaileak aurrez ezezagunak dituzten beste pertsona batzuekin ezkontzen dira; hain zuzen ere, ezkontza artifizial batean ezagutzen dute ezkonkidea lehen aldiz. Elkarbizitza eta eztei bidaia hasten dute gero, programaren kameren fokupean. Saio horretan parte hartu duten bi emakumek salatu dute saiorako egokitutako bikotekideek bortxatu egin dituztela; beste emakume batek, berriz, salatu du abusuak eta sexu jokabide desegokiak jasan zituela. BBCren Panorama programan egin dituzte salaketa horiek.

Hiru biktimek salatu dute atalak grabatzen ari ziren egunetan eraso zietela. Ohartarazi dute, halaber, saioa egiten duen ekoiztetxeak ez zituela neurri egokiak hartu haien segurtasuna bermatzeko. CLP Productions ekoiztetxeak egiten du reality show-a. Hiru emakumeek auzitara elkarrekin joateko asmoa azaldu dute, Channel4 katearen eta CLP Productions ekoiztetxearen aurka.

Emakumeetako batek BBCn esan du bortxaketa jasateaz gain «sekulako beldurra» eragin ziola saioko gizonezko partaideak, eta «mehatxu psikologikoak» egin zizkiola gertatutakoa salatu ez zezan. Zerbait kontatuz gero aurpegian azidoa jaurtiko ziotela esan zion.

Bortxaketa salaketa egin duen beste emakumeak, bestalde, adierazi du telebista kateari eta ekoiztetxeari formalki adierazi ziola zer gertatu zitzaion, programako atalak emititu aurretik. Erasoak jakinarazi arren, Erresuma Batuko kateak atal horiek eman egin zituen.

Katearen erantzuna

Channel4 katearen zuzendaritzak erabaki du Married at First Sight saioko denboraldi guztiak All4 streaming plataformatik kentzea. Priya Dogra Channel4ko zuzendariak agiri batean jakinarazi du auzia sakon ikertuko dutela. 

Married at First Sight saioaren formatu originala Danimarkakoa da. Erresuma Batuan ez ezik, Australian, AEBetan, Frantzian eta Espainian egokitu dute; Frantzian M6 katean, eta Espainian Mediaset taldeko kateetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA