Bigarren denboraldia izango du 'Argia'-ren ‘Ikusi eta ikasi’ bideo-erreportaje sortak

Ikastetxeetako praktika onak jasotzen dituzte; suizidioaren prebentzioa jorratu dute, esaterako. Jaurlaritzaren Hedatze proiektuaz ariko dira aurrerantzean.

Mikel Garcia, eskuinean, Oiartzungo Haurtzaro ikastolako liburutegian. MIKEL GARCIAK UTZITAKOA
Mikel Garcia, eskuinean, Oiartzungo Haurtzaro ikastolako liburutegian. MIKEL GARCIAK UTZITAKOA
amaia igartua aristondo
2026ko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Teknologia digitalek nabarmen ugaritu dituzte gai bera jorratzeko manerak, eta komunikabide guztiek hartu dute joera bera azken urteetan: haien edukiak ahalik eta formatu gehienetan ematea. Argia aldizkariak hezkuntzari eta heziketari lotutako bideo-erreportaje sorta bat ekoitzi du aurton: Ikusi eta ikasi. Urtarrilean eman zuten lehen atala, eta ekainekoarekin bukatu zuten lehen denboraldia: guztira, sei erreportaje sareratu dituzte. Mikel Garcia kazetaria arduratu da aurkezpenaz eta gidoiaz, eta «gustura» agertu da proiektuak izan duen harrerarekin; bigarren denboraldia izango du. Sorta horrez gain, Etxerako lanak podcasta ere abiatu dute, arlo beraren ingurukoa eta Garciak gidatua, halaber.

Adibide eredugarrien bilduma bat da Ikusi eta ikasi, funtsean. «Aspalditik genuen ideia bat: hezkuntzan eta eskoletan egiten diren praktika onak igual ez direla ezagutarazten, ez direla partekatzen», azaldu du Garciak. Eta, praktika horiek helarazteko, praktika onen artxibo bat taxutzeko abiatu zuten Ikusi eta ikasi. «Ikusita zenbat eta zenbat gauza on egiten diren ikastetxeetan, sare bat sortu nahi genuen, elkarren berri izateko». Hezkuntza komunitateari begirako lan bat dela adierazi du Garciak.

«Aspalditik genuen ideia bat: hezkuntzan eta eskoletan egiten diren praktika onak igual ez direla ezagutarazten, ez direla partekatzen»

MIKEL GARCIA 'Argia'-ko kazetaria

Saio bakoitza ikastetxe eta proiektu jakin baten inguruan ardaztu dute. «Zoragarria izan da: belarria jarri, eta entzun nola egiten duten», azaldu du. Hala, urtarrilean ikasleen buru osasunari erreparatu zioten, eta Abadiñoko Matiena institutuko (Bizkaia) arduradunak elkarrizketatu zituen Garciak, jakiteko zer-nolako lana egiten duten suizidioaren prebentzioan. Zaldibiako Lardizabal eskolan (Gipuzkoa) izan zen ondoren, hango hezkuntza curriculumean txertatuta dago-eta urmaelaren erabilera didaktikoa. Ikasleen lana eta ezagutza ebaluatzeko bestelako moduak badirela ikasi zuen Tolosako Laskorain ikastolan (Gipuzkoa), eta liburuak non-nahi egoteak irakurzaletasuna sustatu dezakeela Oiartzungo Haurtzaro ikastolan (Gipuzkoa).

Ikasgaiak uztartzea onuragarria izan daitekeela ikusi zuen Irungo institutuan (Gipuzkoa), eta Lekunberriko Ibarberri eskolako (Nafarroa) Talde elkarreragileak proiektua izan zuten hizpide denboraldiko azken alean: ikasleak taldeka banatzen dituzte, eta bakoitzean hezkuntza komunitateko kide bat aritzen da laguntzen: gurasoren bat, edo aitona-amonak, edo herritar bat, esate baterako.

«Erronka» teknikoa

Atal bakoitzak ordu erdi inguru irauten du, eta ikastetxeetako arduradunek eta beharginek ematen dute egitasmoen berri; tarteka, ikasleak ere ageri dira. Alde teknikoa ere nabarmendu du Garciak: «erronka bat» izan zen, baina «oso ondo» baloratu dute ikus-entzuleek. «Ikastetxeetan agertzen ginen, eta irakasleek susto txiki bat hartzen zuten: kamerak, foku handiak, tokia egokitzea... Dezenteko produkzioa eskatu du». Argia-ko ikus-entzunezko saileko Eneritz Arzallus Alustiza eta Manex Moreno Uharte arduratu dira alde teknikoaz, eta Bira Produkzioak ekoiztetxearen laguntza izan dute.

Sei atal horietan landutakoari segida emango diote bigarren denboraldian, eta beharbada jada jorratutako gaien beste ertz bati heltzeko aprobetxatuko dituzte atal berriak. Aurreneko saioetan legez, «aniztasuna» izango da hurrengo denboraldiaren oinarria, halaber. Eta jada zehaztua eta nahiko lotua daukate aurreneko gaia: Hedatze proiektuari buruzkoa izango da. Eusko Jaurlaritzaren egitasmo bat da, eta eskola saioen ondoren antolatzen diren jarduerak ditu jopuntuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA