Bilbo Hiria irratiak literatur saio bat estreinatuko du

'Ibaizabal' goizeko magazinak aste honetan hasi du denboraldia. Ane Zabalak eta Amaia Arostegik aurkezten dute.

Amaia Arostegi eta Ane Zabala Bilbo Hiria irratiko esatariak. BILBO HIRIA IRRATIA
Amaia Arostegi eta Ane Zabala Bilbo Hiria irratiko esatariak. BILBO HIRIA IRRATIA
urtzi urkizu
2025eko irailaren 10a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Literaturazaleek beste hitzordu bat izango dute euskarazko uhinetan: Bilbo Hiria irratiak datorren astean estreinatuko du Liburuen errepublika txikia saioa. Hiru aurkezlek gidatuko dute, baina ez dute xehetasun gehiago eman.

Bilbo Hiria irratiak, era berean, denboraldi berriari ekin dio aste honetan. Astelehenean abiatu zuten Ibaizabal goizeko magazinaren denboraldia. Ane Zabala eta Amaia Arostegi kazetariek egunero aurkezten dute. Bertan, aktualitateko gai ugari jorratzen dituzte: elkarrizketak, albisteak, solasaldiak eta erreportajeak, munduko eta batez ere Bilboaldeko gertakariak ardatz hartuta.

Horrez gain, Bilbo Hiria irratiaren saio klasikoak martxan daude jada: Musibla, Txuma Murugarrenek gidatutako musika saioa; eta Piperpolis, Ane Zabalaren «kultur artefaktua». Laster bueltan izango dituzte Hauxe gure lurra, Josu Larrinagaren eta Iñaki Barcenaren eskutik ekologiaz aritzen dena; eta Lanaren ekonomia saioa ere. Zientzialari ere bueltatuko da, zientziaren dibulgaziorako irrati saioa.

Musikaren arloan, Norbait hil da hemen saioak bigarren denboraldia hasiko du. Nahia Novok aurkezten du, eta hamaika musika talderen bozgorailu bihurtzen da.

Beste musika estilo batzuek ere izango dute lekua Bilbo Hirian. Garazi Navas musikariak Stendhalen oihartzuna saioa gidatuko du. Kontzeptu berrien bila jarraitzeko gonbita egingo die entzuleei, musika artistikoaren inguruko gogoeta zabalduz.

Hilabete honetan, ohiko saioak ere gehituko zaizkio Bilboko euskarazko irratiaren programazioari. Urritik aurrera, arratsaldeetan Zebrabidea entzungai izango da, Arrosa sareko irratiekin elkarlanean ekoitzitako magazina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.