2015. urteko azaroan estreinatu zuen Bilbo Hiria Irratiak Zientzialari irratsaioa, Xabier Monasterioren eskutik. Hark aurkeztu zuen zientziari eskainitako programa lehen urteetan. Gaur egun, Jabi Zabalak aurkezten du saioa. Hamar urteotan, 140 zientzialari euskaldun pasatu dira Bilbo Hiria Irratiko mikrofonoetatik. Eta gaur arratsaldean, saioaren hamargarren urteurrena ospatuko dute Kafe Antzokiaren Kutxa Beltza espazioan. 18:30ean hasiko da zuzeneko emankizuna. Herritar guztientzat zabalik egongo da sarrera.
Monasterio eta Zabala elkartuko dira gaurko saio berezian, eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendari Iker Badiola gonbidatuko dute. Hain justu, duela hamar urte EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bilboko Zenbat Gara elkarteak elkarlanean abiatu zuten Zientzialari, zientzia dibulgazioa euskara hutsez egiten duen egitasmoa.
Gonbidatu gehiago ere izango dira gaurko atal berezian. Cecilia Fernandez Altonaga hizkuntzalaria elkarrizketatuko dute, Euskara ikastea beste hizkuntza batzuk ikastea baino zailagoa al da? gaiaren inguruan. Saioak 45 minutu iraungo du. Bilbo Hiria Irratiaren FM 96.0 seinalean entzun ahalko da, baita irratiaren webgunean ere.