'Bilboko Uriola' eta 'Prest' hedabideak itxiko dituzte, arrazoi ekonomikoengatik

Diru laguntzak handitu dizkieten arren, ez dira «nahikoa» proiektuari eusteko. Uste dute Bilboko Udalak apustu «sendoagoa» egin beharko lukeela.

Jone Gartzia eta Idurre Villanueva, aurrean, eta Berbaizu euskara elkarteko eta Hor Dago Abante konpartsako ordezkariak atzean, gaur, Bilboko Kafe Antzokian eman duten prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jone Gartzia eta Idurre Villanueva, aurrean, eta Berbaizu euskara elkarteko eta Hor Dago Abante konpartsako ordezkariak atzean, gaur, Bilboko Kafe Antzokian eman duten prentsaurrekoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko azaroaren 26a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

BLB kooperatibak Bilboko Uriola hedabide digitala eta hiriko Deustu auzoko Prest aldizkaria zarratzea erabaki du; Eguberriak arte jarraituko dute agerkariek, baina datorren urtean ez dira itzuliko. Erabakiaren atzean arrazoi ekonomikoak daudela adierazi dute Jone Gartzia kooperatibako kideak eta Idurre Villanueva Prest aldizkariaren koordinatzaileak, Bilboko Kafe Antzokian egin duten prentsaurrekoan. Diru sarrera publikoak handitu egin dizkiete, baina «ez dira nahikoa izan proiektua baldintza duinekin aurrera ateratzeko», adierazi du Villanuevak. Azken urteetan «nabarmen» handitu dira inprimatze eta banaketa gastuak, baina diru sarrerak, aldiz, ez. «Dena dela, uste dugu erdalduntze makinan murgilduta dagoela Bilbo, eta orain artekoa baino apustu sendoagoa behar duela euskarazko hedabideen alde», Gartziaren irudiko.

2001ean sortu zuten Prest, eta ordutik 2.000 ale inprimatu dituzte hilero, abuztuan izan ezik. 2014an abiatu zuten Uriola, eta, agerkari digitala den arren, hark ere gastu mordoa duela nabarmendu du Gartziak. «Bi proiektuen jardunak eskatzen du edukiak ekoiztea, editatzea, idaztea, zuzentzea, maketatzea, inprimatzea eta banatzea». Soldatapeko bi behargin izan dituzte lan horietarako, eta bestelako kontratazioetara ere jo behar izan dute.

«Funtsezkoa ikusten dugu euskaldunok aukera izatea informazioa gure hizkuntzan kontsumitzeko»

JONE GARTZIA BLB kooperatibako kidea

Gartziaren arabera, egitasmoen helburua ez da inoiz izan diru sarrerak lortzea, baizik eta euskarari bultzada ematea Bilbon, «nagusiki erdalduna» baita. «Funtsezkoa ikusten baitugu euskaldunok aukera izatea informazioa gure hizkuntzan kontsumitzeko». Azken hilabeteetan ahalegindu dira beste bide batzuk bilatzen jardunari eutsi ahal izateko: esaterako, Prest paperean inprimatzeari uztea pentsatu zuten, gastuak murrizteko; baina, hala ere, ez zen «alternatiba bideragarria». Prest eta Uriola desagertu arren, baina, BLB kooperatibako gainontzeko eragileek euskara sustatzen segituko dutela ziurtatu dute: hau da, Berbaizu euskara elkarteak eta Hor Dago Abante konpartsak.

Aurrekontuaren %49

Berbaizu elkartea arduratzen da, hain justu, kooperatibaren kontu ekonomikoez. Elkarteko kide Irantzu Perez de Anuzitak xehatu duenez, diru laguntzek kooperatibaren aurrekontuaren %49 finantzatzen dute, eta gainerakoa diru sarrera propioen bidez estali izan dute, batik bat harpidetzen eta publizitatearen bidez. Publizitatea, baina, jaitsi egin da, eta Prest-en harpidetzak kendu egin dituzte, Deustuko etxe guztiek jaso dezaten euskara hutseko aldizkari bat. «Azken urtean nahiko batu gara instituzioekin, baina ez dago aterabiderik. Guk sinisten dugu bi proiektuek diru laguntza bat baino gehiago behar dutela; Bilboko Udalak %100 sostengatu beharko lituzkeela». Uriola eta Prest desagertzean, Bilbo Hiria irratia izango da Bilboko euskarazko hedabide bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.