Jackie Price arte saltzaileak Bilboko Guggenheim museoa bisitatu du, eta, soineko dotore bat jantzita, Abandoibarreko pasealekuan ibili da. Gaur aurkeztu dute HBO Max AEBetako plataformaren Kill Jackie telesaila hura grabatu zuten hirian: Bilbon, Euskal Museoan. Bertan egon da telesaileko lantalde osoa, Catherine Zeta Jones protagonista —Oscar, Bafta eta Tony sarien irabazlea da, besteak beste—, baita proiektuari lotuta egon diren bertoko erakundeen ordezkariak ere. «Hiriari zuku guztia atera genion, eta bertokoen abegikortasunaz gozatu genuen», gogoratu du , Galesen jaiotako aktoreak.
Zeta Jonesek Jackie Priceren rola jokatzen du telesailean. Droga trafikatzailearen bizimodua atzean utzi ondoren, Pricek 20 urte daramatza arte saltzaile modura, eta «trikimailu fiskalak» erabiltzen ditu zergak saihesteko. Baina antzinako bizimoduarekin topo egingo du berriz. Seven Demons izeneko sikario talde bat Priceren atzetik ibiliko da, hura hiltzeko ahaleginean. Telesaila Nick Harkawairen The Price You Pay liburuan oinarrituta dago, baina Zeta Jonesek buelta bat eman zion istorioari, Peter Lawson ekoizlearekin eta Damon Thomas zuzendariarekin batera.
Esaterako, liburuko Jack pertsonaia nagusia Jackie bihurtu zuten. «Peterrek 300 orrialdeko liburua bidali zidan, eta, irakurri nuenean, konturatu nintzen ez zegoela emakumezko pertsonaia zentralik», azaldu de Zeta Jonesek. Aktoreak adierazi duenez, pertsonaia nagusiak bizimodu arriskutsua darama, eta huraxe kontatzen dute liburuan: «Azpimundu batean bizi zen, arriskutsua zena, eta hortik atera nahi zuen». Horregatik pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela emakume batek rol hori jokatzea. Jonesen arabera, «zapore askoko» liburu bat da.Â
«Peterrek 300 orrialdeko liburua bidali zidan, eta, irakurri nuenean, konturatu nintzen ez zegoela emakumezko pertsonaia zentralik»
CATHERINE ZETA JONES Aktorea
Tom Butterworth zuzendariak genero berri batean sailkatu du telesaila: «Thriller-komedia eusko-galesa da». Izan ere, akzioa duen gidoi bat da, baina komedia ere badago. Istorioa eszenaratzeko orduan, nahiz eta grabaketaren zati bat Londresen egin, Bizkaian grabatzea nahi izan zuten. Hori dela eta, lau hilabete eman zituzten Bizkaiko zenbait lekutan telesaila grabatzen. Guggenheim museoaz gain, Bilboko zenbait bazter agertzen dira telesailaren zortzi kapituluetan. «Bilbora etortzen zaren lehen aldia ikaragarria da; alde industriala dauka, baina baita arkitektura bikaina ere», azpimarratu du Butterworthek. Aurkezpenean hitza hartu duten aktoreek nabarmendu dute Bilbo leku ezin hobea izan dela grabatzeko.
Oscar Jaenada aktorea, esaterako, Donostian bizi da, eta harentzat berezia izan da lankideek Euskal Herria ezagutu izana. «Haiek hona etortzeko zortea eduki nuen; artisten, herriaren eta lanaren artean sortu den elkartasuna ikustea zoragarria izan da». Ez da lehen aldia Jaenada Bilbon lanean ari dela; izan ere, bertan hainbat pelikula eta telesail grabatu izan ditu.
Eragin ekonomikoa
Bilbo aspaldi bihurtu zen zinema platoa. Juan Mari Aburto alkateak oroitu du orain dela 28 urte Pierce Brosnan izan zela Bilbon, James Bonden saileko The World Is Not Enough pelikula grabatzen. «Lau egunez filmatzen ibili ziren; oraingoan, ordea, Zeta Jones lau hilabetez egon da gurekin». Azken urteetan bereziki, ikus-entzunezko mordo bat grabatu dute Bilbon, baina Aburtok uste du hiriak baduela are gehiago hazteko aukera. «Bilbo grabazioetarako hiri bilakatu da, eta salto bat egin behar dugu ikus-entzunezko industriara». Kill Jackie telesaileko taldekoak hiritik kanpo ere ibili ziren lanean. Eszenen %75 Bizkaian grabatu dituzte: zehazki, hamabost leku izan dira telesailaren eszenatoki.
«Bilbo grabazioetarako hiri bilakatu da, eta salto bat egin behar dugu ikus-entzunezko industriara»»
JUAN MARI ABURTO Bilboko alkatea
Telesaila, ordea, ez da Bilbo ezagutarazten lagunduko duen proiektu bat soilik. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak grabaketaren inpaktu ekonomikoa nabarmendu du: kalkulatu dute 258 milioi euro inguru utziko dituela Bizkaian. Hala ere, uste du Bilboren proiekzioari egingo dion ekarpena ere garrantzitsua izango dela. «Milaka pertsonak ezagutu ahalko dituzte Bizkaiko eta Bilboko txokoak, eta baita kultura ere». Gainera, agintarien arabera, telesailak lana ere ekarri du grabatu den hamabost herrietara, filmaketek iraun duten lau hilabeteetan.
Kill Jackie ostiralean estreinatuko dute HBO Max plataforman, baina hainbat lagunek aukera izango dute gaur lehen bi kapituluak ikusteko, Bilboko Euskalduna jauregian. Emanaldiaren aurretik tapiz gorria jarriko dute, eta han izango dira Zeta Jones eta telesaileko lantaldeko beste izarrak ere.