Chill Mafia musika taldeak martxoaren 28an eman zuen azken kontzertua, BEC erakustazokako Cubec aretoan. Tira, handik astebetera «azken agurra» egin zuen Donostiako Dabadaba aretoan. Ziur? Hala izan al zen? Bestelako zerbait proposatzen du Historikoa. Chill Mafiaren azken kontzertuaren historia erreala fikzio lan xelebreak. Primeran plataformak estreinatu du, musika talde horretako kideen gorabehera dibertigarri batzuk ardatz hartuta.
Done Mikel Aralarkoa agertzen zaio Kiliki Frexkori, aingeru moduan, eta misio bat duela esan. Misio jainkotiar bat bete beharko du Kilikik: Euskal Herria salbatzea, kontzertu erraldoi bat antolatuz. Fededun itsu modura, Chill Mafia osoa bilduko du mende honetako ekitaldirik handiena prestatzeko. Eszenatokirako bidea ez da batere erraza izango, ordea. Primeran-ek iragarri duenez, «komedia zoro» bilakatuko da filma. 40 minutu irauten du. Dokumental faltsuaren generoan ere sar zitekeen. Edo beste zerbaitetan, akaso.
Arriguri taldea euskal musikariekin egindako bideoklipengatik da ezaguna. Oraingoan, fikzio lan berezi batean murgildu dira. Ander Mateos Totxo aritu da zuzendari, eta azaldu du hasierako ideia Julen Goldarazena Flako Fonki-rena eta Beñat Iturberena zela. «Ideia hura aurrera eraman ahal izateko ardura hartu nuen. Hartu genuen», dio Mateosek. «Kontua da dokumental bat egiteak ez zeukala zentzu handirik, eta abentura batean murgildu ginen». Kontuan hartu behar da filma Chill Mafiaren azkeneko bi kontzertuen ostean grabatu zutela; ETBk enkargua egin zion musika taldeari.

«Aurrekontu bat bazen. Baina egin ahala asmatuz joan behar izan genuen», azaldu du Mateosek. «Koktel ontzian denetarik sartu genuen, kontu askorekin umorea egiteko». Pertsonaia mitologikoak, gaurko eszenako musikariak eta bestelakoak sartu zituzten istorioan. Kiliki Frexkok Olentzero konbentzituko du taldearen azken kontzertuan parte hartzeko.
«Bestelako zerbait Primeran-en»
«Euskal Herria salbatuko dugu, con la minga», botatzen du pelikulako tarte batean Kiliki Frexkok —euskañola ez da falta eszena batzuetan—. Mateosek nabarmendu du «konfiantza osoa» zuela Frexkorengan —lehendik Hoferekin egindako bideoklip batetik ezagutzen zuen—. Arriguri taldekoek nabarmendu dute ondo pasatu zutela grabaketetan, nahiz eta «kaos momentuak» ere izan tartean. Azken kontzertua, berriz, ez da BECekoa edo Dabadabakoa. Badu berea kontzertu historikoak.

Oso Polita ekoiztetxeak parte hartu du proiektuan, eta Elias Monreal izan da ekoizlea.
Fikzio lana bost egunean grabatu dutela aipatu du Mateosek. Ikus-entzunezkoetan ari direnek badakite hori gutxi dela 40 minutuko lan bat osatzeko. Emaitza ez da euskaraz gehienetan ikusten diren lanen tankerakoa; are gutxiago Primeran plataforman daudenen parekoa. «Primeran-erako bestelako zerbait sortzea zen asmoa, hobeto edo txartoago egin. Ohiko lanez bestelakoa izatea».
Arriguri taldean, bestalde, badute fikziozko lanetan gehiago aritzeko asmoa. Chill Mafiarena hor da, denen eskura.