CIES ikerketaren urteko azken neurketak oso datu onak eman dizkie EITB taldeko irratiei. Bereziki nabarmentzeko modukoa da euskarazko irratiek lortu dituzten datuak.
Euskadi Irratiak 150.000 entzule izan ditu, batez beste, 2025ean, eta Gipuzkoan lider da irrati jeneralisten artean. Gazteak ere oso datu ona eskuratu du urteko bigarren neurketan: 119.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera. Musikako gaikako irratien artean, Gaztea da Gipuzkoan gehien entzuten dena. Eta goranzko joera du EITB Musikak ere: 32.000 entzule bildu ditu. Oro har, euskarazko irratiek 301.000 entzule izan dituzte egunero 2025ean.
Urteko bigarren neurketaren arabera, Radio Euskadik 172.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera, urteko lehen neurketan baino 5.000 entzule gehiago. Radio Vitoriak, berriz, 23.000 entzuleko batezbestekoarekin amaitu du urtea.
2025ean, Radio Euskadik, Euskadi Irratiak, Radio Vitoriak, Gazteak eta EITB Musikak 490.000 entzule izan dituzte astelehenetik ostiralera Hego Euskal Herrian.
EITB taldeko irrati eta telebista kate guztien datuak batuz gero, 1.145.000 ikus-entzule eta entzule dituzte egunero, astelehenetik igandera, Hego Euskal Herrian. CIESen neurketaren arabera, betiere.