Espainiako RTVE irrati-telebista publikoak haurrei zuzendutako Clan Interneteko ataria jarri zuen martxan urtarrilaren 29an. Eta, egun hartan bertan, atari horretako hainbat saiok, pelikulak eta telesailek katalanezko, galegozko eta euskarazko azpidatziak dituztela deskubritu zuten erabiltzaileek. Euskarazko azpidatzien kalitatearen inguruan, ordea, zalantza ugari sortu dira.
Ane Garmendia ikus-entzunezko itzultzaileak urteak daramatza lan horiek egiten. «Amorrua eta etsipena» sentitu ditu lan batzuen azpidatzien maila ikusita. Askotan, adimen artifiziala erabiliz itzuli dituztela antzematen da. «Azpidatzi horiek oso kaskarrak dira, bai linguistikoki, bai teknikoki, eta euskaldunekiko errespetu falta izugarria adierazten du. Argi dago azpidatzi horiek ez dituela inork berrikusi edo zuzendu, euskaraz dakien edonor dardarka jartzeko moduko hanka sartzeak baitaude». Garmendiaren iritziz, ikus-entzunezko edukiak euskaratzearena «tramite hutsa» da erakunde batzuentzat: «Ahalik eta bizkorren eta merkeen egin nahi dute».
Garmendiak argi du oharren bat jarri beharko luketela azpidatziak adimen artifiziala erabiliz itzuli badituzte. «Ikus-entzuleok jakin dezagun zer eskaintzen ari zaizkigun. Eduki batzuetan itzultzaileen izena agertzen den bezalaxe, adimen artifiziala erabili dutela ere azaldu beharko litzateke».
Clan ataria ez da azpidatziak egiteko adimen artifiziala erabili duten toki bakarra. Askotan, ordea, langile bat aritzen da zuzenketak egiten. «Badakit itzultzaile batzuk postedizio lanak egiten hasi direla; hau da, automatikoki edo adimen artifizialaz itzulitako edukia 'zuzentzen'. Komatxoen artean jarriko nuke 'zuzentzen' hori, zeren sarri, zuzendu baino gehiago, langileak hutsetik itzuli behar izaten du makinak itzulitakoa». Joera hori gero eta ohikoagoa dela salatu du Garmendiak. «Oso kezkatuta gaude, ezin dugulako gure lana behar bezala egin eta lan baldintzek ere okerrera egin dutelako. Sektore honetan gogor lan egin behar izan dugu itzultzaileon lana aldarrikatzeko, kate horretan funtsezko katebegia garela erakusteko, eta lan horretan ezinbestekoak izango ditugu itzultzaileen elkarteak».
Bikoizketak oraindik ez dira iritsi
Aintzat hartu beharreko beste kontu bat zera da, RTVE legea urratzen ari dela. 13/2022 Espainiako Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorrak bosgarren xedapen gehigarrian dio 12 urtez azpikoentzat bereziki gomendatutako edukiak katalanez, galegoz eta euskaraz ere eman behar dituela TVEk. Jose Pablo Lopez RTVEko presidenteak iazko urtarrilean esan zuen lanean ari zirela katalanezko, galegozko eta euskarazko bikoizketetan. Baina, urtebete geroago, euskarazko bikoizketarik oraindik ez da iritsi Clan atariko saioetara. Azpidatziak jarri dituzte eduki askotan, baina haien kalitatea zalantzagarria dela salatu dute itzultzaile batek baino gehiagok.
RTVEko presidenteak orduko hartan aitortu zuen euskarak ez duela presentziarik TVEn. «2025. urteak aurrera egin ahala, egindako lanaren fruituak ikusiko dira katalanez, galegoz eta euskaraz. Prozesu bat hasiko dugu gure presentzia euskaraz zabaltzeko, gaur egun hutsala baita». Hutsala da oraindik ere.