Euskarazko azpidatziak erabilgarri daude RTVEren Clan atari berrian

Jose Pablo Lopez RTVEko presidenteak esan du euskarazko bikoizketa batzuk ere laster egongo direla eskura.

Clan atari berria. RTVE
Clan atari berria. RTVE
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 29a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

RTVE Play plataforman, Clan ataria sortu dute haurrentzat eta gaztetxoentzat. Eduki gehienak jatorrizko bertsioan edo gaztelaniaz bikoiztuta ikus daitezke, eta, horrez gain, euskarazko, katalanezko eta galegozko azpidatziak erabil daitezke. Kasurako, nazioarteko hainbat film arrakastatsu ikus daitezke bertan euskarazko azpidatziekin. Atari berria rtve.es/clan helbidean eta sakelakoetarako eta tabletetarako Clan aplikazioan dago eskuragarri.

Jose Pablo Lopez RTVEko presidenteak Interneteko sare sozialetan esan du laster euskarazko bikoizketak ere egongo direla eskura. Baita katalanezkoak eta galegozkoak ere. Lurreko telebista digitaleko eskaintzan, Clan katean gehiago kostatuko da euskarazko bikoizketak entzun ahal izatea, Lopezen arabera «arazo tekniko batzuk» tarteko. Espainiako Ikus-entzunezko Legeak horretara behartzen du RTVE.

RTVE Play doako plataforman, gurasoen betoa deiturikoa jarri dute; hau da, gurasoek adin jakin baten muga jarri ahalko dute plataformaren konfigurazioan neska-mutikoek zenbait eduki ikus ez ditzaten —funtzio hori erabilgarri dago telebista konektatuetan eta RTVE Play aplikazioan—.

RTVE Lab laborategiak, berriz, Cibercampamento Clan plataforma transmedia jarri du martxan. Alfabetatze mediatikora bideratutako zerbitzu bat da, 8 urte baino gehiagoko neska-mutikoentzat. «Belaunaldi gazteen artean pentsamendu kritikoa, segurtasun digitala eta ekosistema mediatikoaren ulermena sustatu nahi ditu egitasmoak», jakinarazi du Espainiako talde publikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.