DAZN kateak Imanol Itokun eta Jokin Goikoetxea futbol esatariak kaleratu ditu

Goikoetxeak laugarren denboraldia zuen aurtengoa Realaren partiden kontakizuna euskaraz egiten. Itokun Osasunaren partida bakarrean aritu zen esatari DAZNentzat, eta ondotik esan zioten ez zela gehiago ariko. Horren ostean, Goikoetxea kaleratu dute.

Jokin Goikoetxea euskal taldeen DAZN kateko esataria, 2023ko martxoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Jokin Goikoetxea euskal taldeen DAZN kateko esataria, 2023ko martxoan. IDOIA ZABALETA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko urriaren 23a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sare sozialetan eman du kaleratzearen berri Imanol Itokun esatariak: «Ez dut Osasunaren partida gehiago euskaraz kontatuko DAZNentzat. Ez da nire erabakia izan, DAZNena baizik: ni berriro ez kontratatzea exijitu dute. Betoa jarri didate. Narratzaileak kontratatzen dituen enpresak esan dit ezin nauela gehiago deitu, aginduak 'oso goitik' datozelako».

Jokin Goikoetxeak hiru denboraldi egin ditu kate horrentzat Realaren partiden kontakizuna euskaraz egiten —Osasunaren partida batzuk eta Alavesen baten bat ere egin ditu—. Hark ere sare sozialen bitartez jakinarazi du kirol kateak kaleratu egin duela. BERRIAk Goikoetxearekin hitz egin du, eta kaleratzeen xehetasunak eman ditu hark: «Itokunek partida bakarra egin du. Udan nik proposatu nuen hura hartzea, Osasunarentzat ahots propio bat bilatzen ari ziren eta». Ordura arte, Athleticen, Realaren eta Alavesen partiden kontakizuna egiten zuten hiru esatariek betetzen zuten lan hori. «Itokunen podcastaren jarraitzailea naiz [La Rasmia podcasta egiten du, Asier Ganuzarekin batera], eta aproposa iruditzen zitzaidan. Proba batzuk egin zizkioten, eta ekin zion partiden kontakizunei». Bigarren partidarako, ordea, Goikoetxeari esan zioten Itokunek ez zuela jarraituko lan horretan. 

Itokunek zera idatzi du X sare sozialean: «Betoa ez da DAZNena, beste norbaitena baizik. Telebista kate horretan eragiteko gaitasuna duen eta komunikabideetan nire presentziak deseroso sentiarazten duen norbaitek DAZNera deitu, ni hortik kentzeko eskatu, eta haiek onartu egin dute».

«Osasunako zuzendaritzaren betoa»

Goikoetxeak aipatu du «aitzakiak» erabili dituztela kaleratzeak justifikatzeko. «Guk badugu gure hipotesia. Itokun aritzen den podcasteko beste bi laguni betoa jartzen saiatu izan dira beste komunikabideetan, Osasunako zuzendaritzaren partez». Hain zuzen ere, Itokunek lehen partida egin eta gero, DAZNeko ordezkariek esan zieten «gustura» gelditu zirela. Baina Itokunek berak eta Goikoetxeak argi dute bestelako kontuak izan direla. «Egunak eman genituen azalpenak eskatzen. Nik esan nien ez nintzela eroso egoerarekin, eta haiek aipatu zuten ez zutela nahi futbol taldearekin liskartuta dagoen inor. Orduan igarri zitzaien zertan ari diren». Ondotik, «oso goitik datozen aginduak» zirela esan zieten esatariei.

Goikoetxeak DAZN katekoei esan zien azalpenik eman ezean ez zela arituko Osasunako partiden kontakizuna egiten, «jakinda Imanol Itokuni betoa jarria ziotela». Kirol katearen hurrengo erabakia izan da Goikoetxea kaleratzea. «Esan didate konfiantza falta dela-eta hobe izango dela lan harremana uztea. Kaleratzea, funtsean».

DAZN kateak Espainiako Lehen Mailako futbol partidak ematen ditu, tartean Reala, Athletic, Osasuna eta Alaves euskal taldeenak. Euskarazko kontakizuna jar daiteke aukera gisa. Jarraituko dute horretan. Goikoetxeak jakin duenez, «jende berria» fitxatu dute Osasunaren eta Realaren partiden kontakizunak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.