Denboraldi berrian murgildu dira 'Uhin ultramoreak'

Elhuyarrek EITB Mediako Guau plataformarako egiten du podcasta, «estereotipoak hautsi eta kultura zientifikoa gizarteratzeko». Ana Galarragak eta Alaitz Otxoa de Eribek aurkezten dute.

'Uhin ultramoreak' podcastaren denboraldi berria. ELHUYAR
'Uhin ultramoreak' podcastaren denboraldi berria. ELHUYAR
urtzi urkizu
2026ko urriaren 2a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxan dira berriro ere Ana Galarraga eta Alaitz Otxoa de Eribe EITBren Guau plataforman. Uhin ultramoreak zientzia podcasta aurkezten dute bi astetik behin, eta aste honetan 67. atalera iritsi dira. Udako fenomeno aipagarrienak aztertu dituzte azken bi ataletan.

Galarragak argi eta zehatz azaldu du zer helburu duten podcastean: «Zientzia eta teknologia gaiak lantzen ditugu, ikuspegi feministarekin eta umore kutsuarekin. Horrela, estereotipoak hautsi eta kultura zientifikoa gizarteratu nahi dugu, modu horizontalean». Elhuyarrek 2022ko azaroaren 9an jarri zuen abian podcasta, eta horretan jardun dute lau urteotan. «Zientzia eta teknologiaren mitoetako bat da neutroa dela, objektiboa. Hori ez da egia, ordea, eta, inork zalantzarik badu, begira diezaiela korporazio digitalei. Frogatuta dago haien zerbitzuak eta produktuak —sare sozialak eta txatbotak, adibidez—, itxuraz doakoak direnak, berariaz diseinatuta daudela adikzioa sortzeko eta erabiltzaileen datuak bereganatzeko, asmo komertzialekin». 

Podcastaren ataletako bat Egunero ikasten da zerbait izenekoa da. «Horizontaltasunaren erakusgarri da atala», dio Galarragak. «Gure ustez, ezagutza ez da jenio batek goitik behera ematen duen zerbait, baizik eta elkarrekin osatzen eta praktikatzen dena. Hala, entzuleek helarazten dizkiguten kontu zientifikoak zabaltzen ditugu tarte horretan, denok elkarrengandik ikasteko».

Datorren asteko atalean, 68.ean, Frankenstein doktorea, Biotech Barbie eta teknojauntxoak izango dituzte mintzagai.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA