Lurrikara baten moduan iritsi zen albistea, igande iluntzean: Tim Davie BBCko zuzendari nagusiak dimisioa eman zuen, Donald Trump AEBetako presidenteari buruzko dokumental baten partzialtasun salaketa tarteko. Iazko azaroaren 5ean izan ziren AEBetako presidentetzarako hauteskundeak, eta astebete lehenago eman zuen BBCk dokumental hori: Trump, second chance? (Trump, bigarren aukera?). Panorama programan eman zuten dokumentala, October Films etxearena. Salaketen arabera, dokumental horretan, 2021eko urtarrilean Kapitolio eraikinean (Washington) sartzera bultzatu zituen herritarrak Trumpek —bost lagun hil ziren, eta hirurehun herritar baino gehiago atxilotu zituzten—.
Lurrikara nagusiaren atzetik txikiagoak izaten dira normalean, eta hala gertatu da BBCn ere. Izan ere, Davieren ondoren, igande iluntzean kargua utzi zuen Deborah Turnessek ere; BBCren albistegietako zuzendaria zen Turness. Joan den astearen hasieran piztu zen auzia, The Daily Telegraph egunkariak argitaratu zituen barne dokumentu batzuen harira.
«Orokorrean» BBCk «ondo» funtzionatzen duela azaldu du Daviek ohar bidez, baina «oker batzuk» izan direla aitortu du, eta zuzendari gisa «erantzukizunik handiena» hartzea dagokiola. «Hausnarketa sakona egin dut». Gaineratu duenez, «erakunde publiko guztiak bezala», BBC ez da perfektua. «Eta beti irekiak, gardenak eta arduratsuak izan behar dugu». Daviek 2020an hartu zuen zuzendari nagusi kargua, eta hogei urte zeramatzan jada BBCn.
Samir Shah BBCko administrazio kontseiluko presidenteak eskerrak eman dizkie Davieri eta Turnessi, «egindako lanagatik eta erakutsitako arduragatik eta konpromisoagatik».