Dolosor ETBra itzuliko da

Kazetariak France Bleu irratia utzi du. 'Iparraldearen Orena' saioan arituko da irailetik aurrera

Franck Dolosor kazetaria France Bleu irratian, 2021eko artxiboko irudi batean. FRANCE BLEU.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Aski komentatua izan zen berria 2021eko irailean: Franck Dolosor kazetariak (Senpere, Lapurdi, 1977) iragarri zuen EITB utziko zuela. France Bleu Pays Basque- Urdin Euskal Herri Irratian hasi zen lanean, eta horretan aritu da ia bi urtez, baina irailean Baionako ETBren ordezkaritzara itzuliko da. Gaur egun eta Teleberri albistegietan, Egun on Euskadi saioan zein Iparraldearen Orena-n Dolosorren erreportajeak eta bideoak ikusiko dira berriz. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gertakizunen berri ematen jarraituko du, 2001etik 2021era egin zuen moduan.

Kazetariak nabarmendu du «gogoz» itzuliko dela ETBko lanera —K2000 ekoiztetxeak kudeatzen du Baionako ordezkaritza—. «Duela bi urte erronka bat eman nion neure buruari. Irrati publikoan postu elebidun bat zela ikusi nuen, norbaiten bila ari zirela, eta pentsatu nuen zergatik ez egin urrats bat, zerbait desberdina egin ahal izateko». France Bleu irratian goizeko albistegiak aurkeztu eta elkarrizketak egin ditu. Euskaraz eta frantsesez aritu da bi urteotan. «Ez naiz batere damutzen; gauza asko interesgarriak izan dira, baina ez da izan osoki nahi nuena. Erredakzio horretan segitzea interesatzen ez zitzaidanez, dimisioa eman eta atera nuen plazari uko egin diot».

ETBra itzuli aurretik, Dolosor beste proiektu batzuk amaitzen ari da egunotan. Batetik, Estitxu dokumentalaren frantsesezko bertsioan ari da, «buru-belarri»: datozen hilabeteetan estreinatuko dute frantsesezko bikoizketa duen bertsioa. Eta, bestetik, Gernika batailoiari buruzko liburu bat amaitzen ari da —2015ean gai berari buruzko dokumental bat egin zuen Dolosorrek, eta ETBk estreinatu zuen—.

'Iparraldearen Orena'

Dolosorrek Radio Euskadin larunbatetan egiten duen kolaborazioarekin jarraituko du. Ez du guztiz irratigintza utziko, beraz.

Bestetik, iazko irailean bete zituen Iparraldearen Orena-k 30 urte. Egun, Nerea Olaso da koordinatzailea. Eta Dolosorri iruditzen zaio «seinale ederra» dela programak horrelako urtemuga bat bete izana: «30 urtez irautea ez da sarri gertatzen telebistan, eta euskaraz ere ez. Bide bat irekitzen dio aro berri bati, horri segitzeko». Nabarmendu du saioak aniztasuna eskaini duela urteotan. «Gainera, gai eta erreportaje sakonagoak egiteko aukera dago saioan. Aktualitatea landu behar da, baina tarteka gai bat hartu eta hori sakondu egiten dugu». Horren erakusle dira 10 minutuko zenbait atal monografiko. Itzulera buruan du jada kazetariak: «Gustura itzuliko naiz, ideia askorekin. Gai zerrenda luze bat dut, itzultzen naizenerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.