Ilargi Arrizabalaga musikariak eta Gaztezulo aldizkariak egitasmo berezi bat sortu dute elkarlanean: Dolum(u)inak. Dolu mota batzuk jorratuko dituen saio bat da, eta lehen aurrerapena gaur bertan zabalduko du Gaztezulo-k bere webgunean. Edonola ere, urriaren 14ra arte itxaron beharko da lehen atala osorik ikusteko.
Lehen atalean, minbiziak eragiten duen doluaz mintzatuko dira Elena Guinearekin. (Min)bizi liburuaren idazlea da Guinea. Era berean, Iñurri elkarteko kideek —minbizidunei laguntza eta prestakuntza emateaz arduratzen dira— protagonismo berezia izango dute atalean. Baita Ane Izagirre psikologoak ere, gaiaren inguruko azalpenak emango baititu. Kale inkesta bat ere egingo dute gazteen iritziak biltzeko.
Saioaren helburua doluaren gaia gazteengana hurbiltzea dela jakinarazi du Arrizabalagak. «Denok inguruan izanda ere, saihesten den gai bat izan ohi da sarri, eta saihesteak mina eragiten du. Hortaz, saio honen bidez, doluaz hitz eginarazi nahi dugu, prozesua partekatuz eta tabuak amaiaraziz». Saioan aurkezle lanak egingo ditu musikari gazteak. Bere esperientzia pertsonala kontuan harturik ere ariko da —aita galdu zuen 2022an—. «Nik neuk, gazte bezala, doluaz hitz egiteko tokirik ez dagoela sumatzen dut, eta hori aldatu nahi dugu saio hone bitartez».
Dolum(u)inak saioaren lehen denboraldiak lau atal izango ditu. Atal bakoitzean dolu mota bat landuko dute: minbiziak eragiten duen doluaren ostean, haurren heriotza, dolu perinatala eta senide baten heriotzak sortzen duen dolua izango dira mintzagaiak. Atal bakoitzean hainbat elkarrizketa egingo dituzte, eta guztietan izango dute Ane Izagirre psikologoaren parte hartzea.
Atal bakoitzak hiru bideo aurrerapen izango ditu, eta astearteetan zabalduko dute Gaztezulo-ren webgunean eta sare sozialetan. Atalak hiru astean behin estreinatuko dituzte.
«Tonu informala»
Arrizabalagak azaldu duenez, ataletan dolu bakoitzaren inguruan hausnartuko dute elkarrizketatu nagusiarekin. «Baina gogoeta horiek tonu informalean egingo ditugu, lagunen arteko elkarrizketa bat balitz bezala». Horren arrazoia argi du proiektuaren sortzaileak: «Uste dugu modu horretan errazagoa izango dela publiko gaztearengana iristea. Gainontzeko elkarrizketetan ere hori bilatuko dugu une oro: jende gaztearekin konektatzea».
Azaroan, bere ibilbideko hirugarren diskoa argitaratuko du Arrizabalagak. «Doluaren tabua amaitzeko, aletxo bat jartzeko asmoa du diskoak». Lan horretan, zenbait dolu motari kantatuko dio abeslariak. Baita doluan sortzen diren egoeren eta sostengu diren pertsona horiei ere. Musikariak berak proposatu zion Gaztezulo-ri saioa egitea, eta elkarlanean abiarazi zuten, uda honetan.