Ehungarren etxean amaituko da 'Barruan gaude' podcasta

Oier Aranzabalek Joseba Sarrionandia elkarrizketatu du azkeneko atalean. Aranzabalen erabakia izan da podcastari amaiera ematea. Etzi sareratuko dute azken atala.

Oier Aranzabal, Zarautzen, bere etxean. JON URBE / FOKU
Oier Aranzabal, Zarautzen, bere etxean. JON URBE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oier Aranzabal kazetariak (Bilbo, 1988) bidaia bat egin zuen Ameriketako Estatu Batuetara, 2017. urtean. «Txundituta» gelditu zen orduan AEBetan boladan ziren audio munduarekin eta podcastekin. Ondotik, Alex Blumbergen Without Fail podcastarekin liluratu zen. «Asko gustatu zitzaidan zer tonu zuen, mikrofonoak eta irratiko ahots hanpatuetatik oso urrun zegoen kontaera bat zen Blumbergena». AEBetan ezagututako hura Euskal Herrian bere modura egiteko bulkada izan zuen Aranzabalek, eta horrela sortu zuen 2018an Barruan gaude.

Zuzeu atarian ari zen lanean orduan Aranzabal, eta hedabide digital horrekin egin zituen lehen 24 atalak. Lehenbizi, Izaskun Perezekin 0 atala egin zuen Madrilen, eta hari galdetu zion zer den podcast bat. Kazetariak podcastarekin bisitatu zuen lehen etxea, berriz, Felix Arkarazo bikoiztaile eta aktorearena izan zen. Barruan gaude ez da elkarrizketa podcast soila, Aranzabalen arabera. «Podcast narratibo bat da, elkarrizketaren eta dokumentalaren artean dagoena».

Ulu Media ekoiztetxea jarri zuen martxan gero Aranzabalek, eta 25. ataletik 100.era bitartekoak EITB taldearentzat ekoitzi ditu. Hain zuzen ere, ostiralean sareratuko dute ehungarren eta azkeneko atala: Joseba Sarrionandia idazlearen etxean, Durangon (Bizkaia) grabatutakoa. Aranzabalek bazuen lehendik harremana idazlearekin: Hasier Etxeberria zenaren bitartez ezagutu zuen, eta Kuban izan zen harekin. Etxeko atea zabaldu dio orain. «Eta Barruan gaude-ren atal ederrenetako bat izango da».

Atzerriko atalak

Zortzi urtez aritu da Aranzabal protagonisten etxeetan podcasta grabatzen. Euskal Herriko hainbat txokotan ez ezik, atzerrian ere ibili da. New Yorken (AEB), adibidez, Kirmen Uribe idazlea, Elizabeth Macklin itzultzailea eta Amaia Uribe EITBko kazetaria elkarrizketatu zituen. «EITBk aukera eman izan didanean, saiatu naiz Euskal Herritik kanpo dauden etxeetara joaten». Kasurako, Berlinen Alain Urrutia artista eta Ane Irazabal kazetaria izan zituen protagonista atal banatan.

Euskal Herrian bizi diren protagonistei dagokienez, zerbait berezi gertatu ohi zaio Aranzabali. «Badakit ia mundu guztia non bizi den. Herri batera edo bestera joan, eta esan ohi diet gertukoei: 'Han ez dakit nor bizi den'. Horrez gain, elkarrizketatu asko lagun bihurtu zaizkit».

Barruan gaude-k izan duen harreraz ez du batere kexarik Aranzabalek. Entzule batzuek idatzi izan diote. Eta kalean ere galdetu izan diote ea bera den Barruan gaude egiten duena. «Baina guztiaren gainetik, momentu baten erretratua da podcasta».

Protagonistak eskuzabalak eta esker onekoak izan direla nabarmendu du kazetariak. «Etxeko atea zabaltzeko, eskuzabala izan behar da. Bi mikrofonorekin etxean sartzen uzteko elkarrizketa bat egitera, eskuzabala behar duzu izan». Argazki eta bideo kamerarik gabe joan izan da etxe horietara Aranzabal, eta ez dauka apenas argazkirik gordeta.

Zer da etxea?

Azkeneko ataletan, behin baino gehiagotan egin du galdera Aranzabalek: «Zer da zuretzat etxea?». Oskar Alegria zinemagilearentzat, adibidez, «argia itzalita gauean esnatu eta txiza egiten asmatzen duzun lekua» da. Virginia Garcia Aranzadiko astronomoarentzat, berriz: «Lur planeta da gure etxea».

Amaitu ditu, edonola ere, Aranzabalek Barruan gaude-ko lanak, eta protagonisten etxeetara beste modu batean joango da etorkizunean. «Zirrara» sentitzen du saioaren amaierarekin. «Iruditzen zait egitasmo batek, bere lekua topatzeko eta bere publikoa aurkitzeko edo bere komunitatea egiteko, denbora behar duela». Ordea, gaur egun, badirudi egitasmo asko probatu eta, berehalako arrakastarik ez badute, itxi egiten direla. 

Zortzi urteren ostean, Aranzabalek bere kabuz erabaki du podcastari amaiera ematea. «Baina oso gustura nago, baten batek idatzi didalako esanez momentu txar batean Barruan gaude-k lagundu egin diola. Jendearen berotasuna eta jakitea egindako lan horrek baten bati on egin diola, hori pozgarria da oso».

Ehun atalak, edonola ere, noiznahi edonork doan entzuteko moduan gelditzen dira. «Denboraren kapsulak» ere badirela uste du Aranzabalek. Zortzi urtean, ehun etxetan grabatutakoak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA