Munduko ikus-entzunezko azoka garrantzitsuenetakoa da Mipcom. Okzitaniako Cannes hirian ari dira egiten egunotan, eta han dira Euskal Herriko hainbat profesional; hain zuzen ere, EITB taldeak Basque Audiovisual erakusmahaia jarri du. Pilotaleku baten itxura du, eta zesta-puntako jokalariak ageri dira argazkietan. Izan ere, EITBk nabarmendu du «euskal kirolaren eta ikus-entzunezko formatu berrien aldeko apustua» egiten ari dela azokan. Euskal Herriko hainbat ekoiztetxeren gune ere bada erakusmahai hori. «Horrekin aukera eman nahi zaie euskal produkzio etxeei mundu osoko profesionalekin harremanak eta aliantzak ezarri eta negozio-aukera berriak aztertzeko», adierazi dute EITBko ordezkariek.
Atzo hasi zen Mipcom azoka. Ostegunean amaituko da, eta egunotan 110 herrialdetako 10.000 profesional baino gehiago bilduko dira. 350 erakusmahai baino gehiago daude. Ikus-entzunezkoen arloko joera berriak aztertuko dituzte hitzaldietan; besteak beste, streaming kanalen inguruan arko dira, baita adimen artifizialak duen eraginaz ere.
Matthew Macfadyen eta Elizabeth Banks aktoreak erreklamu dituen telesail bat aurkeztu zuten atzo Cannesen: The Miniature Wife. Gaur, berriz, Alemaniako Ku'damm77 telesaila aurkeztu dute. Beta Film konpainiak, bestalde, iragarri du Rex txakurraren denboraldi berri bat iritsiko dela. 1994an hasi ziren Rexen abenturak, eta munduko hizkuntza askotan eman dituzte telebista kate ugaritan —ETB2n ere eman zuten—. Rex-Vienna Calling telesail berria datorren urtean estreinatuko dute Austriako ORF eta Alemaniako SAT.1 kateek.
Azokan, The Walking Dead telesailaren hamabosgarren urteurrena ospatuko dute. Brasilgo Globo taldeak, berriz, bere mendeurrena ospatuko du.