EITBk bat egingo du Euskaraldiarekin

Euskaraldia hainbat alderditatik jorratuko dute EITB taldeko hedabideek, '11 egun, 11 gai' dinamikari jarraituz.

EITBk agerraldia egin du gaur, Bilbon, Euskaraldiko ekintzen berri emateko. EITB
EITBk agerraldia egin du gaur, Bilbon, Euskaraldiko ekintzen berri emateko. EITB
urtzi urkizu
2025eko maiatzaren 8a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

EITB taldeko telebistek, irratiek eta plataforma digitalek arreta berezia jarriko dute datozen egunetan Euskaraldian. Maiatzaren 15etik 25era egingo dute aurten Euskaraldia, eta askotariko ekintzak eta emankizunak egingo ditu EITBk.

Hilaren 15ean, lehen egunean, hiriburuetako hasiera ekitaldiak emango dituzte ETBk eta Euskadi Irratiak. Hilaren 26an, Euskaraldiaren sustatzaileek balorazio agerraldia egingo dute, eta EITBk zuzenean emango du hori ere. Lehen egunean, bestalde, ETB1eko Biba zuek magazina eta Euskadi Irratiko Baipasa irratsaioa Getxoko (Bizkaia) Portu Zaharretik egingo dituzte, Gure Zirkutik.

ETBko programazioan egunero egingo diote tartea Euskaraldiari, eta Bulegok sortutako Gure bihotzaren taupadak kanta izango da saio eta tarte berezien soinu banda.

Hilaren 18an, ETB1ek Euskaraldia lau haizeetara saio berezia emango du. Ilaski Serranok eta Antton Telleriak aurkeztuko dute. «Emozioz, istorio hunkigarriz eta umorez beterik egongo da saioa», iragarri du ETBk.

Primeran plataforma Milioi bat ordu, milioi bat esker kanpainan murgilduta egongo da Euskaraldiaren egunetan. Izan ere, EITBk ospatu nahi du plataforma horretan milioi bat ordu kontsumitu direla euskaraz. Makusi plataformak, berriz, programa didaktiko bat jarriko du abian, Hur iratxoa protagonista duela. Neska-mutikoek kontzeptu berriak ikasi ahalko dituzte saio horren bitartez.

'Flashmob' erraldoi bat

Guau audio plataformari dagokionez, Ahalaken soinu fikzioa estreinatuko dute —hilaren 20an aurkeztuko dute, Donostian—. Adimen artifizialarekin landutako transmedia proiektu horrek euskararen jatorria du abiapuntu. «Gure hizkuntzaren misterioari, aberastasunari eta indar sinbolikoari erreparatzen die», iragarri du EITBk.

Bestalde, hilaren 23rako flashmob erraldoi bat antolatu du EITBk. Gure bihotzaren taupadak abestia dantzatzeko, herritar ugari bildu nahi dituzte Donostiako Alderdi Ederren —19:30ean hasiko da—. Nahia Sillero aktoreak aurkeztuko du ekitaldia, eta Go!azen telesaileko hainbat aktoreren laguntza izango du. EITBren webgunean zuzenean emango dute.

Ekinaldi gehiago ere egingo ditu datozen egunetan EITBk. Adibidez, EITBk grabaketa set bat prestatu du hala langileen nola egoitzetan ibiltzen diren gonbidatuen eta kolaboratzaileen parte hartzea sustatzeko Euskaraldian. Asmoa da horiek guztiek bideoak grabatzea Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko, eta gero Interneteko sare sozialetara igotzea —#Euskaraldia2025 eta #EuskaraldiaEITB traolak erabiliz—.

Euskaraldiaren bueltan sortzen diren edukiak EITBren sare sozialetan zabalduko dituzte. Instagram sare sozialean, xeheki emango dute Euskaraldiaren berri @eitblive kontuaren bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.