Martxan jarri dituzte EITBren webgune eta aplikazio informatibo berriak. Orain izenarekin, aktualitateko albisteak sareratuko dituzte Orain.eus webgunean, euskaraz eta gaztelaniaz. Bertan jarriko dituzte bideoak, argazkiak, streaming bidezko emanaldiak eta bestelakoak. Era berean, Orain-en gailu eramangarrietarako aplikazio berriak ordezkatu egingo du EITB Albisteak aplikazioa.
Erabiltzaileak sakelakorako eta tabletarako jakinarazpenak aktibatu ahal izango ditu Orain aplikazioan, eta gaika bereizi. Halaber, formatu laburreko bideoak nabigazio bertikalean ikusi ahalko dira. Baita nabarmentzeko istorioak ere, Stories izeneko moduluaren bitartez. EITBko albistegi zerbitzuen emanaldi garrantzitsuenak streaming bidez ikusi ahalko dira, bai aplikazioan, bai webgunean ere. Azken edukien berri izateko, bestalde, Azken berriak atala du aplikazioak.

EITBren Bilboko egoitzan aurkeztu zuten atzo zerbitzu berria. Han izan ziren Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusia, Arantza Ruiz EITBren albistegietako zuzendaria, Oihane Mateos arlo digitaleko albistegietako arduraduna eta Iker Gonzalez Orain-eko koordinatzailea. Nabarmendu zutenez, Orain-ek diseinu «berria, modernoa eta orekatua» du. Aurkezpenak bi hizkuntzatan egin zituzten: gaztelaniaz eta euskaraz.
EITBren «unibertso digitaleko» eskaintza berria da Orain. Talde publikoak jakinarazi duenez, Primeran, Makusi eta Guau plataformetan 220.000 harpidedun daude guztira —horietatik %40k 35 urte baino gutxiago dituzte—. Plataformek 12.000 ordu baino gehiago eskaintzen dituzte euskaraz —edukien %65—. EITBren datuen arabera, hilero kontsumitzen diren edukien batezbestekoa 100.000 ordukoa da.
Telelana eskatzeko protestak
Hain zuzen, Orain albiste zerbitzu digitalaren aurkeztu zuten ordu berean, hainbat langilek elkarretaratzea egin zuten bosgarren platoaren kanpoaldean, LAB sindikatuak deituta. EITBko langileok behar eta ahal dugulako, telelana orain! lelopean egin zuten protesta. Sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, hainbat negoziazio dauzkate abiatuta EITBko zuzendaritzarekin, tartean EITB Median telelana lan modalitate gisa arautzeko sortutakoa.
EITB Neteko erredaktoreei dagokienez, soilik entretenimendukoei aitortzen diete telelana egiteko aukera. Baina albistegietako erredaktoreek eta kiroletakoek ez dute horretarako aukerarik. Ezta diseinatzaileek, errealizadoreek, euskarrietako teknikariek eta euskara zuzentzaileek ere. LABek uste du EITB Neteko lanpostu guztiak «telelanean aritzeko modukoak» direla, eta ez dagoela hori ukatzeko arrazoi teknikorik. 2022tik ari dira EITB Median telelana indarrean jartzeko akordio bat lortu nahian. «Zuzendaritzak hainbatetan blokeatu du negoziazioa. 2024ko urtarrilean, gainera, agindu zuten proba pilotu bat martxan jarriko zutela EITB Neten, baina gero ez zuten emandako hitza bete».

Astero ari dira protestak egiten, astean bi egunetan telelana egiteko eskubidea eskatzeko. Datozen asteetan ere egingo dituzte elkarretaratzeak.
EITBko ELAk deituta, era berean, toki berean elkarretaratzea egin zuten atzo, Soldatak berreskuratu orain. Kontratu erreleboa lelopean.