EITBk programazio berezia egingo du 'Koparen bila' lelopean

ETB1ek eta Euskadi Irratiak zuzenean emango dute maiatzaren 6ko Osasuna-Real Madril finala

Osasuna-Real Madril finalaren jarraipena nola egingo duen aurkeztu zuen atzo EITBk, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Final historikoa izango da Osasunarentzat maiatzaren 6koa. Real Madril izango du aurkari Sevillan (Espainia), Espainiako Kopako finalean, eta euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahalko da telebistan: euskaraz, ETB1en; eta gaztelaniaz, TVEn. Lehia horri begira, EITBk programazio berezia prestatu du, eta aurkezpena egin zuten atzo Iruñean, Sadar futbol zelaian. Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik ere zuzenean emango dute finala. Datozen egunetan, gainera, partida horren ingurukoak eramango dituzte EITBko irratietara.

Koparen bila lelopeko programazio berezia eskaintzeko, EITBko lantalde zabala joango da Sevillara. Maiatzaren 3an hasiko dira finalaren gaineko eduki berezituak eskaintzen. Maiatzaren 5ean, ETBko kiroletako albistegiak Andaluziako hiritik egingo dituzte: Jon Balentziagak aurkeztuko ditu euskarazko katean, eta Jose Ituartek gaztelaniazkoan. ETB2k Navarra Hoy berezia emango du finalaren bezperan, Nafarroako deskonexioan.

Finaleko egunean, ETB2k Nos echamos a la calle saio berezia emango du, 19:00etatik 21:00etara. Ane Ibarzabalek eta Egoitz Txurrukak aurkeztuko dute, eta zuzeneko konexioak egingo dituzte Sevillako eta Iruñeko hainbat txokotatik. Gau horretan, ETB1ek Koparen bila saio berezia emango du finala hasi aurretik; Ana Ramosek aurkeztuko du, eta Sevillan Balentziaga, Amane Ibañez eta Iñigo Lasa egongo dira. Finalaren kontakizuna Naxari Altunak egingo du, eta alboan izango ditu Juan Antonio Larrañaga eta Mikel Arruabarrena. Finala amaitutakoan, Koparen bila saioak jarraituko du.

Euskadi Irratian, maiatzaren 5ean finalaren inguruko giroaren berri emango dute Unai Urreagak, Iñaki Berastegik eta Haritz Gallastegik. Finalaren egunean, Hiru Erregeen Mahaia berezia egingo dute, 16:00etatik 20:00etara, Sevillatik. Finalaren kontakizuna Jon Altunak eta Haritz Gallastegik egingo dute.

Bestetik, EITBren webguneak atal berezi bat izango du Osasunaren finalari eskainia: Eitb.eus/kopa. Interneteko sare sozialetan #KoparenBila traolarekin argitaratzen diren mezu eta eduki guztiak ikusi ahalko dira atal horretan.

TVErekin akordioak

Espainiako Kopako partidak emateko eskubideak TVE telebistarenak dira berez. EITBko iturrien arabera, hainbat kirol emanaldirekin akordioak egiten dituzte bi telebista publikoen artean: Frantziako Tourra, emakumeen saskibaloia, gizonezkoen eskubaloia eta abar. Akordio horien harira adostu dute Espainiako Kopako finalerdiak eta finala ETBk ere ematea.

Kirolez aparte, egin izan dituzte beste akordio batzuk ETBk eta TVEk. Iaz, adibidez, ETBk Iruñeko sanferminetako entzierroak ere eman zituen, eta trukean Fito Cabrales kantariak San Mamesen egin zuen kontzertua ematea ahalbidetu zion ETBk TVEri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.