Askotariko erreakzioak eragin zituen EITBren Social Mediaren eta Eitb.eus webgunearen zuzendariaren izendapenak. Nagore de los Rios hautatu zuen EITBko zuzendaritzak taldeko sare sozialen estrategia garatu eta sorkuntza berrien webguneak kudeatzeko. «Pertsona ez-euskaldun bat izendatu dute EITBren sare sozialetako estrategiaren eta jaiotzear den EITBren webgune berria martxan jartzearen arduradun», salatu zuten EITBko erredakzio kontseiluek 2025eko urtarrilean. Kritika gogorrak egin zituzten EITBko sindikatuek eta langile batzordeek. Baita EITBko Euskara Batzordeak ere. «Euskaraz jakiteko eskakizuna gutxietsi egin da», salatu zuen batzorde horrek. Handik gutxira, otsailaren 25ean, elkarretaratzea egin zuten EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu Gidoia taldeak deituta, EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita! lelopean.
Urtebete luze pasatu da ordutik. Eta, orain, EITBko zuzendaritzak EITBNet-sare sozialetako buru posturako lan deialdi bat egin du. Baldintza gisa, euskarazko C1 titulua izatea jarri du —De los Riosek ez zuen aurkeztu—. EITB Mediaren zuzendari Jose Luis Romani —lehen beste kargu bat zuen— eta EITBko zuzendari komertzial Ruben Irisarriri ere ez zieten C1 eskatu.
Gogoratu beharrekoak dira, era berean, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eman zituen azalpenak galdetu ziotenean Euskal Irrati Telebistako zuzendaritzako kargudun batzuek ez dakitela euskaraz. «Ikuspegi praktikotik eta kudeaketa aldetik, batzuetan C1a eskatzea oso zorrotza da, eta mugatua hedabide digitalen arduradunak izendatzerakoan. C1 maila eskatzea euskara erabiltzeko mesedegarria izan daiteke EITB barruan. Baina oztopo ere izan daiteke. Langileek euskararen ezagutza osoa izan behar dute, bai, baina postu batzuetan komenigarria da, ez ezinbestekoa». Martxoaren 26an esan zuen hori Aldekoak, EH Bilduk eskatutako agerraldian.
De los Riosek urtebete eta lau hilabete daramatza karguan. Bere horretan jarraituko du, hain zuzen ere, EITBk orain hautatu nahi duena sare sozialen burua da, eta EITBren Social Mediaren eta Eitb.eus webgunearen zuzendaria da De los Rios.
Bete beharreko funtzioak
EITBren sare sozialen burua hautatzeko deialdia publikoa da. Honako funtzio hauek bete beharko ditu: «Taldeko marka guztien sare sozialen kudeaketa bateratua, koherentea eta estrategikoa; telebistako, irratiko eta plataformetako edukien anplifikazio adimenduna; jatorrizko eduki digitala sortzea, sare sozialetarako bereziki diseinatutako hizkuntza, formatu, eta dinamikekin; joerei aurre hartzea, batez ere sare sozialetan aplikatutako adimen artifizialaren erabileran; eta arloaren profesionalizazioa eta etengabeko garapena».
Era berean, lanpostuaren deialdiaren testuingurua eman du talde publikoak: «EITB eraldaketa digitalaren fase aurreratuan dago: ikus-entzunezko marka ekosistema indartsu bat du (telebista, irratia, plataformak eta produktu natibo digitalak), eta audientzia berriekin konektatzeko erronka estrategikoa, bereziki gazteekin eta audientzia digitalekin, zerbitzu publiko gisa duen lidergoa galdu gabe». Horretarako, EITB sare sozialen arduradun baten bila ari da, «ikuspegi estrategikoa, irizpide editoriala eta gizarte ekosistemaren eta narratiba digital berrien ezagutza sakona duen pertsona fidagarri baten» bila. Deialdian argitara eman dutenez, bilatzen duten pertsona horrek gai izan behar du EITBko sare sozial guztien buru izateko, koordinatzeko eta garatzeko, baita, aldi berean, «berezko eduki digitaleko geruza bat» bultzatzeko ere. «Telebistako eta irratiko edukien akonpainamendu hutsetik harago joanez». EITBren arabera, rol hori «funtsezkoa» eta «zeharkakoa» da, eta «eragin zuzena izango du posizionamenduan, garrantzi sozialean eta audientzia digitalekiko konexioan».