EGM Komunikabideen Azterketa Orokorraren arabera, EITBko irratiek —Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, Gazteak eta EITB Musikak— 344.000 entzule dituzte astelehenetik ostiralera Euskal Autonomia Erkidegoan eta «bere eragin esparruan». EGMren urteko bigarren neurketaren datuak eman dituzte gaur, eta, aurreko neurketarekin alderatuta —apirilean argitaratua—, 24.000 entzule galdu dituzte EITBko irratiek.
Gaur plazaratutako datuen arabera, Euskadi Irratiak 81.000 entzule ditu, eta Radio Euskadik, berriz, 131.000. EITB Taldeak nabarmendu du Radio Vitoriak «marka historikoa» lortu duela, 54.000 entzule ditu eta. Gaztea irratiak 44.000 entzule ditu, eta EITB Musikak, berriz, 34.000.