'Elhuyar Zientzia' hedabide digitala abian da

Zientzia eta teknologiako gaiak euskaraz eskaintzen ditu hedabide berriak, formatu desberdinetan. Guztira, 25.000 eduki baino gehiago daude.

Aitziber Agirre, gaur, 'Elhuyar Zientzia' hedabide digitalaren aurkezpenean, Usurbilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Aitziber Agirre, gaur, 'Elhuyar Zientzia' hedabide digitalaren aurkezpenean, Usurbilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
urtzi urkizu
Usurbil
2025eko urriaren 7a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zientziaren arloko albistegiak eta bitxikeriak bideo laburretan; ingurumenari, feminismoari eta zientziari buruzko podcastak; elkarrizketak; euskal ikertzaileen iritziak; basabiziaren argazkiak; emakume zientzialarien efemerideak, eta askotariko beste eduki batzuk biltzen ditu Elhuyar Zientzia hedabide digital berriak. Usurbilen (Gipuzkoa) aurkeztu dute gaur Elhuyarreko hainbat ordezkarik.

Garazi Andonegi Beristain Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak nabarmendu du zientziaren eta teknologiaren berri modu «zehatz, zorrotz, gertuko eta euskaldunean» ematea izan dela Elhuyarren egitekoa. «Eta zubiak eraikitzea zientzia sistemaren eta gizartearen artean». Horretara egokitzen urte asko daramatza Elhuyarrek. «Egokitzeko behar horren aurrean, Zientzia.eus eta Aldizkaria.elhuyar.eus webguneak bateratu eta uztartu ditugu komunikazio proiektu berri batean». Euskaraz sortua da Elhuyar Zientzia hedabide berria. «Aurrera begira urrats bat egin dugu. Bi aldetatik aipa daiteke urratsa: batetik, hedabidearen oinarri teknologikoa sendotu dugu; analitiken jarraipenerako panelak asko hobetu ditugu, eta diseinua berritu dugu. Kontsumitzaileei begira, bestalde, kontsumo molde eta formatu berrietara gehiago egokitzen diren produktuak eta edukiak erantsi ditugu». Kasurako, denbora laburrean kontsumitzeko ikus-entzunezko lanak erantsiz.

Gaitegiari dagokionez, Andonegik nabarmendu du gizartean kezka sortzen duten gaietan jarri dutela fokua: trantsizio ekosoziala, osasun mentala, biodibertsitatearen galera eta berdintasuna, besteak beste. «Bestetik, gizartera gehiago gerturatzeko asmoz, gaurkotasunera gehiago lotzeko, eta begirada kritiko eta eraikitzailea gizarteari eskaintzeko helburuz, kanpoko ahotsei eta adituei toki gehiago emango diegu hedabide digital berrian». Hain zuzen ere, horregatik sortu dituzte iritziaren atala eta inkestena. Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak azaldu duenez, 25.000 eduki baino gehiago daude hedabide digitalean, formatu anitzetan. Berrikuntzari «toki esanguratsua» egingo diotela ere gaineratu du Andonegik.

Paperezko Elhuyar aldizkariak bere horretan jarraituko du: orain arte bezala, urtean lau zenbaki argitaratuko dituzte.

Asteko buletin bat ere bai

Diseinu dinamikoa eta funtzionala du euskarazko hedabide digital berriak. Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Elhuyarreko Kultura Zientifikoko arduradunak nabarmendu du hedabideak «ahots askoren topaleku» izan nahi duela. «Iritzia emateko espazioa sortu dugu. Gai zientifiko, teknologiko eta sozialek gizartean piztu dituzten kezkak, ilusioak edo haserreak ikusi nahi ditugu, eta horretarako herritarren iritziak jasoko ditugu. Zientzia hedabide garen aldetik, herritarren iritzia plazaratzea dagokigu». Bestetik, Agirrek uste du gehiago inplikatzeko eta auzi sozialei irtenbideak ematen laguntzeko eskatzen ari zaiela gizartea ikertzaileei. «Eta horixe bera eskatu diegu zientzialariei. Maila handiko zientzialari eta teknologoei eskatu diegu gaien inguruko iritzia emateko. Haientzat espresuki sortu dugu atal bat». Arturo Elosegi, Itziar Laka, Mirene Begiristain, Xabier Arregi, Izortze Santin, Itziar Alkorta eta beste hainbat ariko dira hedabide digital berrian idazten.

Hedabide digital berriak asteko buletin bat ere onduko du, zientziaren eta teknologiaren arloko unean uneko gai nagusien asteroko laburpen bat posta elektronikoan jaso nahi duten herritarrentzat.

Gainera, Agirrek iragarri du biodibertsitateak presentzia nabarmena izango duela atari digitalean. Inhar Lopezek bidaia luzeetan ikusitako espezieen argazkiak eramango ditu Elhuyar Zientzia-ra. «Asteko argazkia deitu diogu, baina argazki bakoitzaren atzean ekosistema eta bizidun horren xehetasun oso zainduak daude».

Bikoizketa, teknologia erabiliz

Emakumeek zientzian egindako ekarpenak, bestalde, efemerideen atal berezi batean nabarmenduko dituzte. Zientziaren bitxikeriak jasotzen dituzten bideoak ere ez dira faltako hedabide berrian.

Itziar Cortes Etxabe Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaileak azaldu duenez, hainbat teknologia txertatu dituzte hedabide digitalean; adimen artifiziala, esaterako. «Webgunean bertan, Elia itzultzaile automatikoa integratu dugu». Modu horretan, edukiak beste hizkuntza batzuetan ere irakur daitezke, automatikoki itzulita. Eta, bestalde, Entzun botoia jarri dute, eta, modu horretan, idatzitako testuak audio gisa entzun daitezke. «Edukiak sortzeko, bestalde, ETBko Teknopolis saioko bideo batzuetan teknologia erabiltzen ari gara. Euskaraz elkarrizketatu ez ditugunen ahotsak euskaraz entzun ahal izateko teknologia erabiltzen hasi gara, ahots horien imitazioaren bidez. Aukera berriak ematen dizkie horrek ikus-entzuleei». Teknopolis programaren zaleentzako atal bat ere badu, bestetik, Elhuyar Zientzia hedabide digital berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.