Elhuyarrek sei hitz-jolas jarri ditu martxan jolasen bidez herritarren euskara aberasteko. Hitzekin jolasteak euren hiztegia osatzeko eta hitzen inguruko informazio osagarria izateko aukera emango die erabiltzaileei. Hitz-jolasak Elhuyar Hiztegiaren webgunean txertatu dituzte, eta, gaurtik aurrera, erabiltzaileek aukera izango dute euskara «modu ludiko eta entretenigarrian» lantzeko. Jolasak mota askotako erabiltzaileei zuzenduta daude: egunerokoan euskaraz aritzen direnei, ikasle, irakasle eta profesionalei, euskara ikasten ari direnei zein, besterik gabe, hitzekin jolastea gustuko dutenei.
Jolas hauek sortu dituzte: Hitz-katea, Anagrama, Urkatua, Hitzak konektatu, Asmatu hitza eta Hitza ezabatu. Jolas bakoitzean modu librean edo lehiaketa moduan aritzeko aukera izango da. Horietako batzuetan, gainera, bertsio erraza edo zaila aukeratu ahal izango da. Asmatu beharreko hitz guztiak Elhuyar Hiztegian daude. Gainera, nahi duten erabiltzaileek izena eman, eta sailkapenean parte hartu ahal izango dute, beste jokalariekin lehiatzeko. Horretaz gain, Gaurko jolasa izeneko aukera bat ere egongo da: egunero, sei jolasetako bat jarriko dute erabilgarri, eta parte-hartzaile guztiek baldintza beretan jolastu ahal izango dute, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko.
Elhuyarrek 2024an jarri zuen lehen aldiz martxan hitz-jolas bat; orduan izandako arrakasta akuilu hartuta, jolas gehiago eskaintzea erabaki du orain, hitzekin jolastuz ikasteko, eta hiztegia aberasteko aukera gehiago emateko erabiltzaileei.
Webgunean zein aplikazioan jolasteko
Hitz-jolas berriak https://hiztegiak.elhuyar.eus/jolasa webgunean egongo dira eskuragarri, eta baita telefono adimenduetan eta gailu eramangarrietan ere. Horrela, erabiltzaileek edozein unetan eta edozein lekutatik izango dute hitzekin jolasteko aukera.
Jolasetan erabiltzen diren hitz guztiak Elhuyar Hiztegitik hartu dituzte, eta erabiltzaileek edozein unetan kontsultatu ahal izango dituzte hiztegiko sarrerak, hitzen esanahiak, erabilerak eta bestelako informazioa. Horrela, entretenimendua eta ikasketa uztartzen dira. Bidenabar, erabiltzaileari jolasean sortzen zaizkion zalantzak argitzeko eta hitz berriak ezagutzeko aukera eskaintzen da.
Elhuyarrek «gizartearekin eta kalitatezko euskara erabiltzearekin duen konpromisoaren» emaitza da egitasmo berria. Izan ere, Elhuyar Hiztegia erreferentziazko gune bat da erabiltzaileentzat; euskara hobetzeko, euskaraz trebatzeko, eta euskara ikasteko baliabideak eskaintzen dituen gune bat. Asmo horretan jarraitzen dutela nabarmendu dute Elhuyarreko ordezkariek.