Eskaintza «hurbil, plural eta kalitatezkoa» egitea promestu dute EITBko irratiek

Euskadi Irratiak, Gazteak eta taldeko beste irratiek gaur hasi dute denboraldi berria. 'Baipasa' saioa Mikel Rotaetxek aurkeztuko du Euskadi Irratian arratsaldero.

Maite Goñi eta Euskadi Irratiko lau esatari, aurkezpenean. EITB
Maite Goñi eta Euskadi Irratiko lau esatari, aurkezpenean. EITB
urtzi urkizu
2026ko abuztuaren 31
10:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi berriari ekin diote gaur EITB taldeko Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea eta Radio Vitoria irratiek. Talde publikoak «zuzeneko gehiago eta gertutasun handiagoa» iragarri ditu ikasturte honetarako. Baita formatu berriak ere, «irrati bisualaren» aldeko apustua indartuz. «Edukiak banatzeko modu berria» ere egingo dutela azaldu dute.

EITBko irratiek eskaintza «hurbil, plural eta kalitatezkoa» promestu dute 2026-2027ko denboraldirako. Maite Goñi EITBko Irrati eta Audio zuzendariak lantaldearen ahaleginaren gakoak azaldu ditu: «Gure programazioaren atzean lan handia dago informatzeko, hezteko eta entretenitzeko. Gertatzen dena zorroztasunez kontatzeko, gizarte plural bati entzuteko eta kalitatezko edukiak eskaintzeko, betiere gertutasunetik eta zerbitzu publikoaren bokazioarekin».

Euskadi Irratiak bere nortasunari eutsi nahi dio, baita «entzuleekin duen harreman sendoari» ere. Denboraldiko berritasunen artean, Mikel Rotaetxe kazetariak Baipasa arratsaldeetako saioa aurkeztuko du; Olaia Urtiagak zazpi denboraldiz aurkeztu zuen irratsaioa, eta aurten Faktoria Magazina saioan ariko da. Rotaetxek hamahiru urte daramataza Euskadi Irratian beharrean —tartean, Bruselako berriemailea izan zen sei urtez—. 2013an, Eurobask saria eman zioten, BERRIArako idatzi zuen Europa, bere arimaren bila erreportajeari esker. Euskadi Irratiak iragarri duenez, Baipasa-k «aire berritua» izango du, bere izaera «moderno eta bizia» galdu gabe.

Kirol eskaintzan, bestalde, irratsaio berri bat estreinatuko dute: Futboltegia. Futbolari eskainitako analisi saio espezializatua izango da.

Aurreko denboraldian euskarazko irrati publikoan entzun ahal izan ziren beste saio garrantzitsu batzuk bere horretan mantenduko dituzte: Goizak gaur, Argi ibili, Faktoria, Kultur leihoa, Mezularia, Arratsean eta Amarauna.

'Panorama', goizero Gaztean

Gaztea irratian, bestalde, berritasun nabarmenena Panorama saioa izango da. Ibon Fernandezek aurkeztuko du goizero, 10:00etatik 12:00etara. Gaztearen musika eskaintza zabalduko duen irratsaioa izango da, «musika hautaketan eta preskripzioan arreta berezia jarrita». 

Era berean, Gazteak musika programa espezializatuen aldeko apustua indartuko du, «musika eskaintza aberastu eta proposamen berriei lekua egiteko asmoz». B Aldea saioak etapa berri bati ekingo dio, eta, horretan, Ainhoa Vitoria esataria ariko da, Julen Idigorasekin batera. Vitoriak asteburuetan Bitan saioa gidatzen jarraituko du, Sara Alonsorekin batera.

Gaztean erreferentziazko irratsaioa da Dida, eta horrek bere horretan jarraituko du, Julen Telleria gidari dela. Baina aurten Antton Telleria ez da haiekin ariko, irratiko lanean eszedentzia hartu baitu. Arratsaldeetan, Alain Perezek eta Maite Garmendiak Gu magazina aurkezten jarraituko dute.

Gasteizen, egoitza aldaketa

EITB taldeko irratietako egoitzetan, bestalde, aldaketa nabarmenik izango bada, Gasteizko egoitza berriaren inaugurazioa izango da. Okerrik ezean, 2027. urtearen hasieran egingo dute hori. Radio Vitoriako irratsaioak bertan egingo dituzte, 2.400 metro koadro baino gehiagoko egoitza moderno batean. «Radio Vitoria hasi da prestatzen irrati bisualera jauzi handia egiteko», iragarri du EITBk. Aurten emakume kirolarien alde «apustu sendoa» egingo dutela nabarmendu dute; Alavesen emakumezkoen futbol taldearen partidak emango dituzte.

Radio Euskadiren programazioaren bizkarrezurrean ez da sakoneko aldaketarik izango. Dena dela, izango da berritasunik: 10:00etatik 13:00etara, Maria Ruiz kazetariak zuzenduko du Boulevard magazine eraberritua. Irratiak iragarri duenez, aktualitateari eta entretenimenduari zabaltako leiho berria izango da. Gaikako saioetan eskaintza eguneratu egingo du gaztelaniazko irratiak: musikari eta literaturari lotuta, besteak beste. 23:00etan, bestalde, zuzeneko irratsaio berri bat estreinatuko dute denboraldi honetan.

EITB Musika kateak, bestalde, beste aldaketa bat ere izango duela iragarri dute. «Entzule helduentzako erreferentziazko irrati musikala izateko helburuarekin, musika hautaketa eguneratuko dute, gure memoria musikalaren parte diren abestiei uko egin gabe», azaldu du Goñik. Kate horrek «preskriptore rola» indartuko du Guau plataforman eta EITBren ekosistema digitalean. Ez da ahaztu behar EITBren irrati guztiak Interneten zuzenean entzuteko, Guau plataformara jo behar dela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA