N ahi ez duzun hori. Nork bidali duen ez dakizun hori. Eta eskatu ez duzun hori; batez ere, azken horrek definitzen du spam-a, Ander Goñi informatikariarentzat. «Posta elektronikoan jasotzen dugunaren erdia spam-a da, gehiago ez bada. Bidaltzailea anonimoa da, baina interesa garbia da: komertziala», laburtu du Goñik, Danobat Group enpresako informatikariak. Ezer bada, negozio bat da spam-a edo zabor posta, haren ustez. Berriki 40 urte bete dira lehen spam mezua bidali zenetik, eta ordutik hona martxan jarri dira horri aurre egiteko hainbat mekanismo. Horregatik, eta ziberjazarpenaren aldean kalte larririk eragiten ez duelako, Goñik ez du uste spam-a Interneteko arazo handienetako bat denik. Alex Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Informatika elkarteko zuzendariak, aldiz, bai; spam-a bada sareko duen arazo nagusietako bat, haren iritziz. Herritarrei eta enpresei «eraso egiteko» modu bat iruditzen zaio zabor posta: «Denok jasotzen ditugu mezu asko, eta, oro har, ez da zaila horiekin gu engainatzea».
1978ko maiatzean bidali zuen lehen spam mezua Gary Thuerkek, DEC informatika enpresako marketin kudeatzaileak. 1960ko hamarkadan ordenagailu txikiak boladan jartzen hasi zen konpainia bat izan zen DEC, Apple eta Microsof enpresa handiak baino zenbait urte lehenago. Azken biak, baina, sektorean lekua irabazten hasita zeuden ordurako, eta DEC salmentetan igartzen hasia zen. Arpanet ordenagailu sareak, AEBetako Defentsa Sailak sortuak, denbora zeraman haiei gailurik erosi gabe. Hala, Thuerkek Arpaneteko 2.600 erabiltzaileen zerrenda hartu, 397 azpimarratu eta banan-banan bidali zien mezua, enpresak atera berri zuen ordenagailuaren aurkezpenera gonbidatuz. «Bagenekien muga doi-doi ukitzen ari ginela», aitortu zuen Thuerkek gero. Haserrea eragin zuen hasieratik, eta berehala hasi ziren haren aurkako neurriak eskatzen.
Latako haragitik sarera
Itxuraz zerikusirik ez duen produktu batean du jatorria spam hitzak; AEBetako Hormen Food urdaitegi enpresa zerri haragi lataratua merkaturatzen hasi zen, Hormel's Spiced Ham izenekoa, eta, arrakastaren ondorik, SPAM laburduraz hasi ziren zabaltzen. Bigarren Mundu Gerran, familiek soldaduei bidaltzen zieten, eta jaki aski ezaguna bihurtu zen gerra denboran. Gero, Monty Python komedianteek egin zuten ezagun, 1970eko urteetan, esketx batean: zerbitzari batek menua oihukatzen du ahoz goran, eta plater guztietan errepikatzen da jakia; harik eta bezero batek, gogaituta, «ez zait SPAMa gustatzen!» oihu egiten duen arte.
«Gogaikarria» dela: hori da spam-aren txarrena Goñirentzat. Horrez gain, baina, arazoaren muina «etikan» eta praktikaren zilegitasunean datza, CodeSyntax enpresako informatikari Gari Araolazaren arabera: «Jende asko dago ez duena ulertzen hori ezin dela egin. Ezin da, besterik gabe, norbaiti mezu bat bidali asmo publizitarioekin. Mezu bat bakarrik balitz... baina milaka dira». Spam igortzailea izateaz «harrotzen» zen internauta baten istorioa baliatu du zabor posta zein «intrusiboa» den azpimarratzeko: «Hainbat jende ados jarri, eta bere helbide postala jarri zuten paperezko katalogoak banatzen zituzten enpresa pila baten webguneetan. Orduan, bat-batean, spamer hori ehunka paperezko eskuorri jasotzen hasi zen. Fisikoki inbaditu zuten haren buzoia, eta 200 bat enpresarekin harremanetan jarri behar izan zuen bere helbidera ez bidaltzeko eskatzeko. Bada, gauza bera da». Goñik ere egin du alderaketa: «Eskatu gabe etxeko buzoian sartzen dituzten paper horiek guztiak spam-a dira? Izan daitezke, nik uste».
Sarera mugatzen den zabor postaren kasuan, Araolazak azaldu du «makina, robot edo programa bat» egoten dela spam hori sortzen. Horiek diseinatzen, batik bat «marketin salmentak egin nahi dituztenak, edo Googleen posizionamendua lortu nahi duten enpresak». Dioenez, ez da «normala» pertsona batek idatzitako spam-a arazo bat izatea: «Arazoa izaten da spam-a sortzen dutenak automatizatu egiten direla. Programatxo batekin 5.000 iruzkin sar baititzakezu hamar blogetan», azaldu du Araolazak. Etxebarriak zabaldu egin du spamer baten definizioa: «Maleziaz jarduten duten era guztietako pertsonak dira: zerbitzu bat saltzetik malware bat sartu nahi digutenera artekoak; gure informazioa lortzeko eta horrekin erreskate bat eskatu edo hirugarrenei eraso egiteko gure ordenagailua erabili nahi dutenak, iritzi publikoan eragin nahi dutenak... Bidalketa masibo horiek egiteko arrazoi ugari daude, eta kolektibo interesatu bat dago bakoitzaren atzean».
Legez, debekatuta dago spam guztia. Etxebarriak ohartarazi duenez, ordea, «Interneten ez dago mugarik, eta horrek legislazioa zailtzen du». Batik bat, ez delako batere erraza ikertzea nor egon daitekeen mezuen atzean. Bada, Goñik Interneteko alde ezkutu batekin lotu ditu spam-aren igortzaileak: «Interneten ageriko sare bat dago, eta gero alde ilun eta sakon bat, non ia edozein gauza kontrata eta egin daitekeen».
Batek galde dezake nola lortzen duten norberaren helbidea. Araolazak azaldu du datu baseak saltzen dituzten enpresak daudela, batetik: «Guztiz legez kanpokoa da, baina merkatu beltz horrek funtzionatzen du oraindik». Bestetik, Interneten martxan jartzen dituzten «robotak» daude. «Programa bat da, webgune pila bat bisitatzen dituena, eta aurkitzen dituen helbide guztiak datu base batean gordetzen ditu». Mezu kateak, orobat, «urrea» ei dira spamerrentzat.
Erabiltzailearen ardurak
Goñik uste du sarri askotan erabiltzaileen arduragabekeria ere izaten dela spam-aren atzean. «Gure datuak edonoren eskura jartzen ditugu. Denok jasotzen ditugu zientoka erabiltzaileri bidaltzen diren posta mezuak, denon helbideak hor ageri-agerian daudela. Astero-astero jasotzen ditu halako mezuak. Nahikoa da mezu hori jaso duen ordenagailuak aplikazioren bat izatea, zeinak mezu horiek guztiak begiratzen dituen eta esaten duen: 'Hau pagotxa, 200 helbide niretzat'». Hor hasten da erabiltzailearen ardura, haren ustez. Aholkuren bat ematekotan, Goñik «zentzuz jokatzea» lehenesten du. «Kalean ez dugu kartel bat jartzen esanez 'ni hau naiz, hemen bizi naiz eta hau da nire helbidea'. Sarean ere berdin jokatzea da abiapuntua beti-beti».
Spam mezua jasota, bada mezuei erantzuten dionik; esateko ez duela halako mezu gehiago jaso nahi, adibidez. Informatikariek aho batez diote hobe dela halakorik ez egitea. «Ranking bat dute ikusteko zeintzuk diren posta onak eta zeintzuk txarrak, eta, erantzunez gero, jakin dezakete zurea ona dela», azaldu du Araolazak. Horren ordez, beste aholku bat eman du hark: zabor mezuak spam bezala markatzea posta elektronikoan. «Demagun mila pertsonari bidali diotela mezu hori. Lehenengo momentuan 100 pertsonak irekitzen badute, eta horietatik %80ak spam gisa markatzen badute, agian Googlek automatikoki beste 900 pertsonei ez die erakutsiko mezu hori, badaki-eta spam-a dela. Historiko bat sortzen du, eta hurrengoan jatorri beretik beste mezu bat datorrenean, Googlek beste lupa batekin begiratuko dio».
Joera nahasia
Lehen spam mezua bidali zenetik 40 urtera, zabor postak eremuak irabazi dituela da diagnostiko argienetako bat; foroetako iruzkinetara eta webguneen formularioetara ere iritsi da, besteak beste. Goñiren arabera, «spam-a dagoenera egokitzen da; blogak sortu zirenean, segituan sartu ziren, eta orain badirudi sare sozialetan sartzen ari dela...». Araolazak, aldiz, kantitatez gero eta spam gutxiago jasotzen den irudipena du: «Gakoa iragazkietan dago orain; Googlek edo beste edozein zerbitzarik zuzenean murrizten du iristen zaigun spam kopurua». Aldiz, Etxebarriak uste du erabiltzaileak gero eta eskatu gabeko zabor posta gehiago jasotzen duela, babes-sistemak hobetu diren arren.
«Onarpenak»bereiz dezake publizitate «zilegia» zabor mezularitzatik, oro har; aldiro, erabiltzaileak baimena ematen baitu hainbat mezu jasotzeko, sarri ohartu ere egin gabe. Araolazak «Spam legitimoa» aipatu du erabiltzaileak borondatez bere datuak eman ostean jasotzen duen hori izendatzeko. «Egunero jasotzen ditut mezuak Decathlonetik, ForumSportetik, Springfieldetik, Cinesatik, Facebooketik, Google Analitics-etik eta beste toki askotatik. Hor nahasten dira benetan interesatzen zaizkizun mezuak eta interesatzen ez zaizkizunak; baina nik nire datuak eman nizkien».
Eskatu gabe datorren zaborra
40 urte bete dira 'spam' esaten zaien zabor mezu elektronikoetatik lehena bidali zenetik. Denbora horretan, posta elektronikotik haragoko espazioetara zabaldu da, baina hari aurre egiteko mekanismoak ere ugaritu egin dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu