Hedabide handien kontrola (III)

Eskuin muturrari hauspoa ematen ari zaio

Vincent Bollore Bretainiako enpresaria komunikabide frantses ugariren jabe egin da. «Hedabideak eskuin muturraren ideiak hedatzeko bide gisa dauzka», azaldu du Jenofa Berhokoirigoin kazetariak.

Vincent Bollore Frantziako enpresari handia, martxoaren 24an, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Vincent Bollore Frantziako enpresari handia, martxoaren 24an, Parisen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Frantzia garaikidearen fenomeno mediatiko esanguratsu eta kezkagarrienetakoa da». Ignacio Ramonetek modu horretan definitu du Vincent Bollore Bretainiako enpresariak bereganatu duen botere mediatikoa. Hain zuzen ere, harenak dira honako enpresa hauek: Canal +, CNews, Paris Match, Europe1 radio, RFM radio, Gameloft, Universal Music Group, TéléLoisirs, Femme actuelle... eta beste hainbat. 2021ean, Prisma Media taldea erosi zuen. Eta, horri esker, prentsa idatziko 30 komunikabide eskuratu zituen egun batetik bestera. Jenofa Berhokoirigoin Argia-ko kazetariak —Rikardo Arregi saria irabazi zuen iaz— tentuz aztertu du egoera. «Banan-banan komunikabide konpainietan parteak erosiz, ikaragarria da bere eskuetan dituen komunikabideen zama», salatu du Gamarten (Nafarroa Beherea) jaiotako kazetariak.

Bollorek hurbileko hiru lagun jarri ditu botere gune nagusietan: Arnaud Lagardere, Gerard-Brice Viret eta Serge Nedjar. «Eskuin muturrekoak dira hirurak», ohartarazi du Berhokoirigoinek. Frantziako testuinguru politikoan eragina izaten ari da Bollore. Hain zuzen ere, enpresariak berak esana da helburu politikoekin ari dela. «Eta kazetaritzaz gain, hitzaren beste esparru batzuetan darabil estrategia bera: argitaletxeetan zein zinemaren sektorean».

Bretainiako handikiaren esku daude C News eta BFM-TV kateak. «Eta laster ohartzen gara horiek gutxi dutela kazetaritzatik. Kazetariak baino gehiago, sasi-kazetariak dituzte, polemistak eta propagandarako agenteak». Argia-ko kazetariaren aburuz, eskuin muturraren mesederako, gai batzuen inguruan aritu ohi dira kate horietan: immigrazioa, antisemitismoa, delinkuentzia, ezkertiar terroristak eta halakoak. «Albiste faltsuak zabaltzeko kontzientzia arazorik ere ez dute». Ikusle ugari dituzte kate horiek. «Eskuin muturraren ideiak justifikatuta eta normalizatuta ageri dira. Arriskutsua ere bada jendeak uste ukaitea kazetaritza lan bat jasotzen ari dela». Baina kazetaritza kode batzuk erreproduzitzen dituzte Bollorek kontrolatutako hedabideetan. «Eta horietan kazetaritza printzipioak edo balioak ez dituzte betetzen. Kazetaritzaren geroarentzat ere arriskutsua da».

Pluraltasuna «kolpatuta» dago

Berhokoirigoinek azaldu duenez, Frantziako komunikabide, irrati eta telebista kate gehienak «ultra aberats batzuen eskuetan» daude. Parean dauden komunikabide independenteengan eragina duela iruditzen zaio Nafarroa Behereko kazetariari. «Frantzian kazetaritzaren pluraltasuna dago kolpatuta gaur egun». Interneteko sare sozialen errealitatea ere ez dela ahaztu behar gaineratu du. «Horiek ere ari baitira ultra aberatsen eta eskuin muturreko ideologiaren bultzatzaile».

Canal+eko zuzendari Maxime Saada, Parisen, 2023ko azaroaren 10ean.
Canal+ kateko zuzendari Maxime Saada, Parisen, 2023ko azaroaren 10ean. MOHAMMED BADRA / EFE

Zinema industrian, bestetik, Canal+ eragile funtsezkoa izan da urte luzez: Frantzian ekoizten diren fikziozko filmen erdietan parte hartzen du, gutxi gorabehera. Urtean, 150 milioi euro inbertitzen du zinema frantsesean. Cannesko zinema jaialdian, Zapper Bolloré gutun adierazpena sinatu zuten ikus-entzunezkoen arloko 5.000 profesionalek, eta han «faxistatzat» jo zuten enpresari handikia. Maxime Saada Canal+ taldeko zuzendariak erantzun zuen ez dutela lan gehiagorik egin gutunaren sinatzaileekin. «Bollorek nahitara jarri zuen Saada postu horretan, betiere helburu politikoa aitzinera eramateko».

Grasset argitaletxean ere izan da kalapitarik. Bollorek Olivier Nora kaleratu zuen, urte luzez Grasset argitaletxearen arduradun nagusi izandakoa, arrazoi ideologikoengatik. 130 idazlek baino gehiagok erantzun zuten ez dutela Grassetekin gehiago ezer kaleratuko. Kultur arloko sortzaile eta eragile ugari kezkatuta daude, Berhokoirigoinen aburuz: «Argi eta garbi ikusten dute Bollorek eskuin muturreko ideien zabaltzeko bide gisa dituela enpresa horiek».

Ramonetek nabarmendu duenez, demokrazia batean, sortzaileek, intelektualek eta kazetariek komunikazio talde baten gaineko kezka publikoki adierazteko eskubidea izan behar dute. «Jokoan ez dago bakarrik adierazpen askatasuna. Ados ez egoteko askatasuna ere jokoan da, mendeku eta zigor profesionalak izateko arriskurik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA