Andoaingo Bastero kulturgunean bildu dira Rikardo Arregi sariketako aurtengo hautagaiak, baita epaimahaia eta publikoa ere. Iragarri dituzte irabazleak: Kazetaritzako saria Jenofa Berhokoirigoin kazetariak jaso du, Argia-rako egindako Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik; Komunikazioko saria, berriz, On.eus atariak jaso du, On Piztu elkarteak irailean argitaratu zuen webguneak. Eta, duela aste batzuk iragarria zuten bezalaxe, Jakoba Errekondori eman diote ohorezko mugarria.
Zeremonia, hain zuzen, ohorezko mugarria banatuz hasi dute. Film labur bat eman dute lehenik, Errekondoren hurbilekoak agertzen zituena haren ibilbideaz, pasioaz, lanaz eta harremanez mintzo. Denek goraipatu dute Errekondo, bere ondoan ikasitakoagatik. Saria jasotzera eta eskerrak ematera igo da gero Errekondo bera: «Ez dut gustuko gaurko mundu hau, eta irauli nahi dut, nahi dugu. Edertasuna erein, elkarlana landatu, jakintza birlandatu, herrigintza jorratu, eta bizipoza txertatu. Maitasunaren uzta jasotzeko. Mundu zital honetan, maitasunaren uzta jasotzeko sekta bat gara. Berrogeitaka urte hauetan, milaka lurzale eta euskarazale elkartu gara, eta, duela hamar urte, izena eman genion, bi hitzeko izena, sinplea: Bizi Baratzea. Eta gure lema armatu. Eman eta hartu. Jantzi egiten gara, kulturaz; haren etimo cultivar-etik jantziaz, denen jakintza osatuz».
Biziki hunkiturik, lurrera begira aitzina egiten duen gizartea defendatu du hitzaldiaren bukaeran. Funtsean, zeremonia osoan nabarmendu da funtsezkora jotzeko beharra kazetaritzarentzat ere zailak diren garai hauetan. Hala, ondotik, Jenofa Berhokoirigoini eman diote Kazetaritzako saria, artzaingoaz egindako erreportajeagatik. Berhokoirigoinek argi du, alta, artzaingoa ez dela «irakurleria baitezpada bermatzen duen gai bat». Baina, horren harira, Argia aldizkariaren posizioa azpimarratu du, halako gaiak ere ezartzen baititu azalean. Erreportajerako elkarrizketatu zituen artzainei eskerrak helarazi ondotik, inguruko laborariei mintzatu zaie, anaiari eta «laborantza herrikoi eta iraunkorrean» ari diren lagunei: «Sistemak ez zaituzte nahi, baina jendarteak behar zaituzte. Segituko dugu zuen berri ematen, usu erraten dugun bezala, ez baikara neutralak».
Sari banaketa hasi aitzin, epaimahaiko kideen izenean Angel Errok eta Itxaro Bordak hartu dute hitza, gaur egungo kazetaritzaren bi erronka aipatzeko eta gaur egungo kazetarien lana goraipatzeko. «Aurten ere ez da gozoa izan urtea prentsako langileentzat. Munduko leku gatazkatsuenetako kazetariek tributu handia ordaindu dute berriak ahalik hobekien emateko. Adimen artifizialaren erabilpena hedatzeak berrien edukia aldatzea ekarriko ote duen galdezka gabiltza. Adimen artifizialak albisteak, edukiak, irudiak sortzen ditu, egiazkoak balira bezala; baina arras faltsuak eta hutsetik asmatuak dira, klik direlakoak eragiteko».
Euskararen webgunea
Komunikazioko sariaren irabazlea izendatu dute gero: On.eus ataria, On Piztu elkarteak bultzatutakoa. Maitena Arraillet eta Arantza Egiguren kideak iragan dira agertoki gainera, eta eskerrak ematera: «Guretzat garrantzitsua da sari hau jasotzea, batez ere badakigulako euskararen munduan eta euskalgintzaren munduan nahiko bide prekarizatua izaten dela; bakoitzak bere alea ematen du, baina egia da ez dela beti erraza komunitatean lan egitea, modu indibidualean lan egitera bideratzen baikaituzte. Gaur, hemen, egiten dugun lana, egiten duzuen lana, denok egiten duguna aitortua da. Normalizatzen dugu euskararen alde lanean aritzea, baina horrek, aldi berean, erakusten du euskara ez dagoela egoera onean. Orduan, komunikazio eta kazetaritza munduan sekula baino garrantzitsuagoa da aurrerapausoak ematea».