Badira aste batzuk Europako zenbait herrialdek Europako Irrati-Telebisten Batasunari adierazi ziotela Israelek ez lukeela Eurovision jaialdian parte hartu behar, Palestinan egiten ari den genozidioa dela eta. Irlandak, Esloveniak, Islandiak eta Espainiak esana zuten Israelek hurrengo urtean parte hartzen bazuen haiek ez zirela joango. Gaur bertan hartu du erabakia Europako Irrati-Telebisten Batasunak, 95. batzar nagusian: Israeli ez dio betorik ezarriko. Hortaz, Ekialde Hurbileko herrialde horrek musika jaialdian parte hartu ahalko du, aurreko urteetan bezala.
Hori ikusirik, Espainiak, Irlandak eta Herbehereek ofizialki esan dute ez dutela parte hartuko 2026ko Eurovisionen. Datozen egunetan ziurrenik herrialde gehiagok egingo diote uko jaialdian parte hartzeari; aurretik iragarri zutena betetzen badute, bederen.
Beste herrialde batzuek, Suitza, Austria eta Alemania tartean, ziurtatu zuten ez zirela jaialdian izango Israel kanporatzen bazuten.
Frantziak, Danimarkak eta Serbiak, berriz, esan zuten Eurovisionen parte hartuko zutela, Israel han izan ala ez.
Maiatzean egingo dute musika jaialdia, 70. urtez, Vienan. Antolatzaileek beste herrialde batzuk ere gonbidatu nahi dituzte, parte hartuko ez dutenen ordez. Esaterako, litekeena da Kazakhstanek, lehen aldiz parte hartzea Eurovisionen. Beste herrialde batzuk, berriz, itzuli egingo dira, urte batzuetan joan gabe gelditu ostean.