Berri txar bat kontatuko dizuet. Edo ona, ez dakit. Nola begiratzen diozuen. Oso laster, adimen artifizialak idatzitako eleberri bat irakurriko duzue, Instagramera igoko dituzue haren aipuak, istorioak harrapatu eta barruak astinduko dizkizue, amaierak korapilo bat eragingo dizue eztarrian, kritikariek aho batez goraipatuko dute. Eta hilabete batzuk geroago, obra horren atzean hezur-haragizko idazlerik ez dagoela jakingo duzue. Orduan hasiko da benetako ikuskizuna. Idazleak haserre, irakurleak dezepzionatuta, editoreak asaldatuta. Den-denak liburugintzaren industriak traizionatu izan balitu bezala.
«Hau ez da literatura, hau ezin da literatura izan», errepikatuko diozue zeuen buruari behin eta berriz. Halere, eleberriak lehengo bera izaten jarraituko du. Ez da hitz erdirik aldatu, pertsonaiek ez dute okerrera egin eta istorioak ez du edertasun izpirik galdu. Baliteke, datu berriaren argitan, obraren jatorriari buruz genuen pertzepzioa aldatzea; inola ere ez gure irakurle esperientzia.
Historian zehar hala izan da beti. Iraultza teknologiko bakoitzaren hastapenetan, dena da beldurra, arriskuak, kexak, paranoia. Beti dago Mendebaldearen akabera iragartzeko prest dagoenik. Inprentak memoria suntsituko zuen. Telebistak liburuak desagerraraziko zituen. Eta Internet zibilizazio libre osora hedatu orduko, sekulako hondamendia eragingo zuen. Gaur egun, ordea, pentsaezina litzateke Internet gabeko mundu bat, ezta? Bada, orain adimen artifizialari iritsi zaio kolpeei eusteko txanda. Zorionez, kulturak ohitura desesperagarri bat du apokalipsiaren profetentzat: ez die sekula kasurik egiten, bizirik irauteko modua topatzen du beti. Ziur nago hogei urte barru eleberriak irakurriko ditugula. Ez dakit, ordea, giza autorerik izango ote den.

Garai hauetan ez da hain harrigarria makina batek eleberri bat idatzi ahal izatea. Askoz deigarriagoa zait horrek askorengan pizten duen aztoramena. Urtero gizakiek idatzitako ehunka eleberri txar argitaratzen dira, baina hori ez omen da liburu denden aurrean manifestaldiak antolatzeko nahikoa arrazoi. Aldiz, auskalo zergatik, adimen artifizialak eleberri on bat idatz dezakeelako ideia jasanezina zaigu. Demagun eleberri bikain bat kaleratzen dela, irakurleek inoiz ezagututako onena, eta adimen artifizialak idatzitakoa dela. Bat-batean, arazoa ez litzateke eleberria izango. Gu baizik. Egoera horrek jokoz kanpo utziko gintuzke. Ezinegon ia existentziala eragingo liguke.
Gaur egun, literaturaren mundua liluraren eta izuaren artean bizi da. Argitaletxeek adimen artifiziala erabiltzea debekatzen dute. Baita literatura lehiaketek ere. Inoiz existitu ez den kontzeptu bat dute buruan: literaturaren purutasuna. Adimen artifizialaren hedapena gelditzerik balego bezala. Obraren jatorriak haren kalitatea baldintzatuko balu bezala. Aurreiritzi teknologikoak gure literatura irizpidea itsutu duelako sentsazioa daukat. Adimen artifiziala gizarte osoaren eskura egonda, idazleek hari ez ikusiarena egitea nahi dugu? Ez dirudi batere zentzuzkoa. Dagoeneko zenbat idazleren eleberriak idatziko zituen adimen artifizialak, osorik edo puska batean, eta guk imajinatu ere ez?
Egunkari honek ere badu adimen artifizialaren erabilerarako dekalogo bat, eta niri ekimen bikaina iruditzen zait, guztiz beharrezkoa. Baina hona galdera deserosoa: badute hura betearazteko modurik? Susmopean dagoen egilearen bat-bateko zintzotasun krisirik ezean, oso zaila da testu bat adimen artifizialak sortua den hautematea, ia ezinezkoa. Egiaztatzeko modu bakarra adimen artifizialari galdetzea litzateke, baina horrek literatura fantastikorik onenaren mailan legokeen dimentsio kolosaleko paradoxa bati bide emango lioke. Ez esan, gero, kontua mamitsua ez denik!
«Gaur egun, literaturaren mundua liluraren eta izuaren artean bizi da. Argitaletxeek adimen artifiziala erabiltzea debekatzen dute. Baita literatura lehiaketek ere. Inoiz existitu ez den kontzeptu bat dute buruan: literaturaren purutasuna»
Dena den, nire iritziz, funtsezko galdera ez da hainbeste hunkitu gaituen eleberria nork idatzi duen, baizik eta zer aldatzen den gugan obra hura egiatan nork idatzia den deskubritzen dugunean. Eta zergatik aldatzen duen informazio horrek eleberriaren gainean dugun begirada. Duela gutxira arte, literatura sentsibilitate ezberdinen topagunea zen. Liburu on batek gugan pizten duen zirrara. Edo ezezagun batek garai eta leku urrunetan idatzitako testu batean geure burua aurkitzea. Baina azken boladan, emozioek egiazkotasun-ziurtagiririk ez dutela ahaztuta, ezinbestekoa zaigu, antza, autoreak pultsua ote duen ezagutzea. Zer bitxia.
Literaturaren magia ez dago idazlearen eskuan. Irakurlearen buru-bihotzetan bizi da. Egiazko konexioa obraren eta irakurlearen artekoa da. Istorioak ez dira orrialde zuri batean sortzen, haiek irakurtzen dituen pertsonaren irudimenean baizik. Eta lurralde hori, gaur-gaurkoz, gizakiena da osorik. Alde horretatik, lasai egon gaitezke: adimen artifiziala ez da literaturaren etorkizuna arriskuan jartzen ari. Gure existentzia hankaz gora jartzera eta giza aurreiritzi oro kolokan jartzera etorri da. Besterik ez.