Telebista

ETB kantari bila dabil 'Ztanda' musika 'talent show' berrirako

Hautaprobetan parte hartzeko deialdia egin dute. ETB1ek urrian estreinatu du lehiaketa

Bago!az musika lehiaketak 2017tik 2019ra iraun zuen ETB1eko programazioan. JON URBE / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abesteko gaitasuna eta talentua erakutsi nahi duten 16 urtetik gorako abeslarien bila hasi da EITB. Urrian estreinatuko du ETB1ek Ztanda musika lehiaketa berria, eta hautaprobetarako izena emateko aukera zabalik da. Parte hartu nahi duten kantariek ztanda.k2000.com webgunean eman behar dute izena.

Hautaprobak egin ostean, hamabi lehiakide hautatuko dituzte saioan parte hartzeko. Urritik aurrera egingo dute lehiaketa, eta irabazleak 15.000 euroko saria jasoko du. Hainbat aditu arituko dira epaimahai batean kantari hautagaien lana epaitzen. Kanporaketak egingo dituzte, azkenean garaile bat nagusitzen den arte.

Musika lehiaketa berrian «garai guztietako euskal kantak» abestuko dituztela iragarri du EITB taldeak. Kanta horiek berrituta entzun ahalko dira hautagaien ahotsetan. Baina ez dira soilik euskarazko kantak entzungo. EITBk iragarri duenez, irabazleak «oso ongi moldatu beharko du estilo nahiz hizkuntza desberdinetan».

Atal bakoitzean, lehiakideek bi kanta ezagun abestu beharko dituzte. Gainera, atal bakoitzean garai edo estilo zehatz bat landuko dute.

Hautaprobetan izena emateko formularioan hainbat galdera egiten dituzte: datu pertsonalak eman behar dituzte hautagaiek, eta galdetu diete inoiz parte hartu duten ETBko lehiaketaren batean edo telebistako beste saioren batean. Musika tresnaren bat jotzen duten eta dantza egiten ote duten ere galdetzen zaie hautagaiei.

«Euskal Herriko abeslari onenaren bila gabiltza!», dio izena emateko webgunearen lerroburuak. K2000 ekoiztetxeak egingo du saioa.

Musika lehiaketak boladan

Musikarako dohainak erakusten dituzten abeslarien saioak aspaldi iritsi ziren telebista kateetara, eta gaur egun ere nazioarteko herrialde ugaritan daude. Katalunian, esate baterako, azkeneko bi urteetan arrakasta handia lortu du Eufòria musika lehiaketak: bigarren denboraldiko finalak 401.000 ikus-entzule izan zituen TV3en —%25,6ko ikusle kuota—.

Amazon Prime Video plataformak, bestalde, Operación Triunfo kantu lehiaketaren eskubideak erosi ditu, eta urte honen amaieran estreinatuko dute beren lehen denboraldia.

ETBk ere egin izan ditu makina bat antzeko saio. Horietako bat Bago!az izeneko talent show-a izan zen: 2017an, 2018an eta 2019an egin zuen Pausoka ekoiztetxeak. Zazpi-zortzi aholkulari aritzen ziren hautagai gazteei laguntzen. Lehiaketan irabazle ateratzen zenari, bestalde, sari berezi bat ematen zioten: hurrengo denboraldian Go!azen telesaileko aktoreetako bat izateko aukera.

Azkeneko urteetan izan dira antzeko gehiago: iazko udaberrian, Gaztea Cover lehiaketako finala eman zuen ETB1ek. Horren aurretik, Kantugiro saioa egin zuten —karaokea ardatz zuena— eta Izarrak kalean talentu lehiaketa, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.