ETB1 kateak literatur saio bat estreinatuko du otsailean

Kike Amonarrizek 'Sagak' saioa aurkeztuko du asteazkenetan. Iluntzeko 'Gaur egun'-en aurretik, aktualitateko saio bat egingo dute

ETBko aurkezleak eta arduradunak 2018ko programazioaren aurkezpenean, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2018ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sautrela-k badu ordezkoa ETBn. Otsailaren 3an, Arte[faktua] literatur saio berria iritsiko da ETB1era. Yolanda Mendiolak—Sautrela-ren azkeneko zortzi urteetan aritu zen— aurkeztu eta zuzenduko du programa berria, eta larunbatetan emango dute, 15:00etan —Sautrela-k zuen ordutegi bera—. Idazle bati egindako elkarrizketa izango da saioaren ardatza. Horrez gain, berrikuntzak, gonbidatuak, irakurle eta liburu saltzaileen gomendioak eta booktuber-ak agertuko dira. Liburuak, idazketa eta irakurketa maite dituzten guztientzako programa bat izango da.

Aldaketa gehiago iritsiko dira neguan ETB1eko programaziora. Joan den udazkenean, ETB1ek 3txulo Jokoan haurrentzako lehiaketa eman zuen iluntzeko Gaur egun-en aurretik, eta, horren ordez, saio bat estreinatuko dute euskarazko katean. Hala iragarri zuen atzo Edu Barinaga ETBko zuzendariak, 2018ko programazioaren aurkezpenean. «Gaurkotasuna duten gaiak jorratuko dira, eta kaleko berriemaileak egongo dira. Euskal Herria zuzenean saioaren tankerakoa izango da, baina gaurkotuta, eta beste lantalde batekin». Barinagak espero du otsailerako saioa martxan egotea.

Sagak izeneko programa izango da beste berrikuntza bat. Asteazken gauetan emango dute, datorren astetik aurrera —gaur aurkezpen saioa izango da ikusgai—. «Euskal Herrian ezagunak diren abizenak eta familiak ezagutuko ditugu saioan; adibidez, Enbeita bertsolarien familia», azaldu zuen Barinagak. «Bost atal emango ditugu». Kike Amonarrizek aurkeztuko du saioa. Arriatarren familia izango da beste protagonista bat. ETBko zuzendariak iragarri zuenez, Sagak saioko atalen ostean Bago!az iritsiko da asteazken gauetara. Iaz bezala, musika lehiaketa horretako irabazleak Go!azen telesailaren hurrengo denboraldian parte hartzeko txartela irabaziko du.

Ostegun honetan bertan, beste berrikuntza bat iritsiko da ETB1eko programaziora: Gailurra Xtreme Perdido. «Ibon Gaztañazpik aurkeztu baino gehiago, bizi egingo du saio horretako abentura. Irundik [Gipuzkoa] irten eta Pirinioetako Monte Perdidoraino [Aragoi, Espainia], Gaztañazpik eta bere bidelagunek bizitako gorabeherak, barreak eta negarrak ikusiko ditugu». Mendiz mendi, 300 kilometro egingo dituzte hamabi lagunek, zortzi etapatan. Haiekin batera joango dira Gari Aristegi medikua eta Alberto Aierbe mendiko aditua.

Igandetan, Herri txiki, infernu handi saioaren aurretik, Merli telesail katalana ikusi ahalko da aste honetatik aurrera —euskarara bikoiztua—. Aurreneko bi denboraldiak emango dituzte.

Bestalde, astelehenetik ostegunera Gure kasa saioa ematen jarraituko du ETB1ek. «Oso pozik gaude saio horretakoek egiten duten lanarekin, eta ematen dituen datuekin», esan zuen Barinagak. «Badirudi asmatu dugula bidean». Datozen egunetan honako gonbidatuak izango dituzte platoan: Itziar Ituño, Xabier Perurena eta Asier Oruesagasti aktoreak, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) batelerak—gaur—, Haimar Zubeldia txirrindulari ohia, Beira musika taldeko kideak, Mikel Urdangarin musikaria, Yolanda Alzola aurkezlea eta Irati Anda eskalatzailea.

Barinagak azaldu zuen datozen asteetan beste berrikuntzaren bat irits daitekeela, «kateek ez baitituzte karta guztiak jarri mahai gainean». Astelehenetan, prime time ordutegian, euskarazko zinemarekin jarraituko dute, «oraingoz». Asteartetan, Ur handitan saioak jarraituko du.

'3txulo' ETB3ra itzuliko da

Aurkezpenean, ETBko zuzendariak nabarmendu zuen ez dutela kendu 3txulo. «3txulo berritu bat aurkeztuko dugu laster, eduki berriekin. Martxotik aurrera jarriko dugu martxan, ETB3n».

ETB2 kateari dagokionez, astelehen gauetan El conquistador del Caribe emango dute —hamalaugarren denboraldira iritsi da reality-a, eta bigarren urtez Kolonbiako Kariben grabatu dute—. Hilaren 17an, El conquis eztabaida iritsiko da; Ainhoa Etxebarriak Twitterreko txioak irakurriko ditu, eta Joseina Etxeberriak programa musikaz animatuko du. Barinagak iradoki zuen laster ETB2n saio bat ere estreinatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.