Telebistan lanean hasi zela 25 urte joan dira Itxaso Atutxarentzat (Bilbo, 1967). ETBren bilakaera gertutik ezagutu izan du, eta ekoizpen etxeen egoerarekin kezkatuta dago egun.
Hamabost urte zenituen ETB1 emititzen hasi zenean. Nola oroitzen duzu une hura?
Etxean denok zain geunden noiz hasiko. Deustuan bizi ginen, eta askotan ikusten genuen TVEn Pinpilinpauxa Jose Mari Iriondoren euskarazko saioa. Hura zen telebistaren eta euskararen artean genuen lotura bakarra. Telebista oso bat euskaraz izatea kristona izan zen. Berri handia izan zen.
Zer garrantzi izan du 30 urteotan euskarazko telebista publiko bat egon izanak?
Ez dakit konturatzen garen nolako garrantzia izan duen. Telebista publikoetan sinisten dugunok euskarazko kate bat izateak pauso garrantzitsu bat izan zen. Hizkuntzaren berezitasuna dugu guk. Nerabeak ginenak hazi gara telebista gure hizkuntzan ikusten. Egunerokotasuna gure hizkuntzan jasotzea funtsezkoa izan da. Hizkuntzaren erabilpenean asko lagundu du ETB1ek.
3Koma ekoizpen etxeak ia 20 urte daramatza ETBrentzat saioak ekoizten. 90eko hamarkadan nolakoa zen harremana ETBrekin?
Garai on bat izan zen 90eko hamarkada. Ekoizpen etxe batzuk sortzen eta egitura eraikitzen ari ziren. Oroitzapen oso onak dauzkat garai haietaz. Produkzio asko eta asko egiten ziren. ETB1en ia egunero ekoizpen propioak zeuden prime time-an. Batera egin genuen bidea, ekoizpen etxeak enpresa bihurtzen eta telebista hazten. Krisialdi bat ere egon zen, baina lanerako oso garai ona izan zen.
2009. urtean EITBko zuzendaritza berria sartu zenean, zenbaitek esan zuten ETBk ekoizpen etxe gutxirekin egiten zituela proiektuak.
Lehen ekoizpen etxeen zerrenda ez zen hain txikia. Saio txikiak bazeuden ekoizpen etxe askoren artean banatuak. 2009tik hona zerrenda aldatuko zen, bai, baina kopurua ez hainbeste.
Aurrekontuak murriztu egin dira azkenaldian. Zer eragin izan du horrek ekoizpen etxeetan?
Gure kasuan, ikaragarri gogorra izan da. Enpresa ertain bat ginen, 15-17 langile finkorekin. Orain dena itxi egin behar izan dugu, ia-ia jende barik gelditu gara. Eta programaz programa egin behar ditugu kontratazioak. Gutxieneko egitura bati ezin badiozu eutsi, horrek dakar ezin dituzula etorkizunari begira proiektu garrantzitsuak garatu. Bertako ekoizpen etxe asko oso ahul gelditu gara. Hainbeste txikitu gara, kostata egingo baitugu aurrera. Inoiz ez ditugu egin dirutza handiko ekoizpenak. Beste telebista autonomiko batzuekin alderatuta, saio merkeagoak egin ditugu, nahiz ekoizpen garrantzitsuak izan. Gutxieneko duintasun bat bermatzea zaila da gaur egun. Zoritxarrez, ematen du egoera ez dela aldatuko.
Egoera horretan, zer lehentasun izan beharko lituzke ETBk?
Lehenbizi argitu beharko da zer telebista mota egin nahi dugun. Telebistaren konfigurazioa ezin da urtero aldatu programazioaren arabera. 2013tik aurrera zer telebista egin nahi dugun irizpide orokor batek egon beharko du daukagun aurrekontuarekin. Zer eta norentzat egin ere planteatu behar da. Enpresek gure gain gure birmoldatzea egin dugu, eta EITBk oraindik enpresa moduan ez du egin.
ETB1eko ikusle datuak azkeneko urteetan nahiko apalak dira. Zer faktorek eragin dute hori?
Azkeneko urteetako joera programazio beraren eragina izan da. ETB1 telebista jeneralista bat baino gehiago, kutxa handi bat izan da, non formatu batzuk agertzen ziren, baina, oro har, zentzu bat izan gabe. Nire uste apalean,ETB1ek behingoz kate jeneralista bat izan behar du, non edozein ikuslek mota guztietako saioak aurki ditzakeen. ETB1ek ordu askotan ez du programazio normaldua, eta ikusleak ahalegin handia egin behar du telekomandoan ETB1 aurkitzeko. Urte askotan ikusle horrek ez du gustuko saiorik izan. Hurrengo zuzendaritzak ETB1en programazio jeneralista indartsu bat egin beharko luke.
Zer eskatuko zenioke ETBko hurrengo zuzendariari?
Azkeneko urteetan sektorearekin egon den distantzia ezabatzeko. Sektorea nola dagoen ikusi eta denon artean ETB berriro indartu. Harreman hori normaltzat hartu eta guztiona izango den proiektu bat bultzatu behar dugu. Badago elkarlanerako esparru bat, azkeneko urteetan gehiegi sakondu ez dena.
ETBz gain, tokiko euskarazko kateak daude. Kate horiek ez al lukete diru publiko gehiago jaso behar?
ETB bera ere tokiko telebista txikia da ikusle kopurua ikusita. Diru pribatutik zaila izango dute telebista txikiek dirua lortzea, eta publikoa dagoena baino gehiago ere ez da erraza izango iristea. Elkarlana sortu beharko litzateke ETBren eta tokiko kateen artean. Garai ona da horrelako gauzak planteatzeko.
Komunikazioa. ETBk 30 urte: Iragana eta etorkizuna (III). Itxaso Atutxa. 3Koma ekoizpen etxeko ekoizlea
«ETB1ek, behingoz, telebista kate jeneralista bat izan behar du»
Atutxak dio ETB1ek ordu askotan ez duela programazio normaldua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu