Komunikazioa

ETB1ek ekoizpen propioko hamabi ordu izango ditu egunero

Kateak euskararen eta barne ekoizpenaren aldeko apustua berretsi du, eta zazpi saio estreinatuko ditu

Maite Iturbe eta Pello Sarasola, ETB1eko aurkezleez inguraturik. EITB.
Oihan Vitoria.
Bilbo
2013ko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Osagai guztiak prest ditu ETB1 kateak denboraldiari ekiteko.Bolada berriaren hasiera, ordea, ez da nolanahikoa izango, berrikuntzaz betea baitator. Euskarazko barne ekoizpena aurtengo eskaintzaren muina da, eta, orotara, zazpi saio estreinatuko dituzte: Kontrako eztarria, Tumatxak, Hizkamizka, Tribuaren berbak, Airean, Euskal Herria zuzenean eta 101 gaztelu. Gainera, Sautrela literatur saioa itzuliko da.

«Euskararen aldeko apustu irmo eta sendoa egin dugu, gure proiektu naturala ETB1 katea baita. Pazientzia izan behar dugu, emaitzak iritsiko dira eta», berretsi zuen Maite Iturbek, EITB taldeko zuzendariak, atzo, udazkeneko programazioaren aurkezpenean Bilbon eginiko agerraldian.

Egoera ekonomikoak formatu handiko saioak ekoiztea galarazi badie ere, umorea, fikzioa, abentura, gaurkotasuna, kirola eta kultura jorratzen duten programa sorta «plurala eta erakargarria» osatu dute, betiere «euskal ikus-entzunezko arloko langileen talentua» gogoan izanik.

Audientzien lehia hain estua den honetan, balio erantsi bat izatea nahitaezkoa dela uste du Iturbek, eta, alde horretatik, euskararen balioa nabarmendu du. «Lehiakideei aurrea hartzeko bereizgarri preziatua dugu: euskara. Probetxua atera behar diogu horri, eduki oro euskaraz lantzen dugun kate bakarra baikara».

Saio berriak, bihartik aurrera

Pello Sarasola ETBko zuzendariak gaineratu duenez, eguneroko saioetan jarri dute indar gehiena, «arrakasta horien barruan dagoelako». Hala, arratsaldeak eraberritzeko asmoz, eguerdiko Gaur Egun albistegiaren eta prime time ordutegiaren artean ekoizpen propioko saioak emango dituzte. Eta horietatik lau, gainera, estreinaldiak izango dira.

Zuhaitz Gurrutxagak gidatutako Hizkamizka lehiaketaren kasua da hori. Jaime Otamendiren Airean magazin berritzailearen ondotik, kultura orokorreko 140 galdera izango ditu oinarri ordu erdi inguru iraungo duen lehiaketa biziak. Egunero, 300 euro eskuratu ahal izango dituzte lehiakideek.

Segidan, Sara Gandarak aurkeztutako Euskal Herria zuzenean programak hartuko dio lekukoa. «Albistegietan sartzen ez diren gertakari bitxiak bertatik bertara kontatuko ditugu», azaldu du aurkezleak. Erronka nagusia arratsaldeetako hutsunea betetzea da. Halere, gaueko saioetan ere indarra jarriko dute.

Albistegiaren osteko Bost baietz! lehiaketa ez ezik, Julian Iantzik saio berria dakar besapean: 101 gaztelu. Bihartik aurrera, abenturazko reality-an murgilduko dira hamabi lehiakide.

Astelehenean, berriz, Xabier Euzkitzeren, Anjel Alkainen, Iker Galartzaren eta Jon Plazaolaren txanda iritsiko da, 21:30ean. Kontrako eztarria saioari ekingo dio laukoteak, eta umorez helduko diete eguneko albiste nagusiei. Atsoek ere beren tarte berezia izango dute. «Ondo pasatu behar dugu pantailaren bestaldean dagoenari gauza bera transmititzeko», dio Euzkitzek.

Gurrutxaga bera ere ETB1eko aurpegi ezagunetakoa bihurtuko da aurrerantzean, euskal musikarien arrakastaren giltza aztertzen ariko baita Tumatxak programan, asteazkenero.

Kike Amonarrizen Tribuaren berbak, berriz, euskararen alderdirik deigarri eta ezkutuenak azaleratuko ditu era dinamikoan.

Estilo propioa ez zaie faltako, beraz, ETB1eko saio berriei.Horrez gain, hogei denboraldi bete dituen Goenkale telesaila, Irrikitown, Teknopolis, zinema emankizunak, kirol eta bertsolaritza jarraipenak eta berreskuratutako Sautrela literatur saioa ikusteko parada egongo da. Denera, eduki berriez hornituriko euskarazko hamabi ordu eramango dira telebistara, egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA