Julio Soto Ezkurdiak, Eneko Lazkoz Martinezek, Joanes Illarregi Marzolek, Xabat Illarregi Marzolek, Saioa Alkaiza Guallarrek, Ekhiñe Zapiain Arlegik, Sarai Robles Vitasek eta Eki Mateorena Zozaiak kantatuko dute larunbatean Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean. Iruñeko Nafarroa Arenan 2.500 lagun inguru elkartuko dira finala ikusteko. Baina zuzenean telebistaz zein Internet bidez ikusi ahalko da finala osorik, ETB1ek eta BERRIAren webguneak emango baitute (16:45). Era berean, Ion Orzaiz kazetariak zuzeneko kontakizuna egingo du egunkariaren webgunean.
Irabazleari txapela norbanako batek janztea izaten da ohikoena, baina kolektibo oso baten esku utziko dute hori aurten: Zaldiko Maldiko elkartearen esku. Zortzi finalisten artetik puntu gehien lortzen dituzten biak pasatuko dira buruz burukora. Eta bietako batek jantziko du 2025eko txapela.
Larunbateko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak zuzenean pasatuko dira 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara. Zazpik pasatu behar zuten finaletik txapelketa nagusira, baina Joanes Illarregik 2022ko finalean kantatu zuenez, zortziak ariko dira lehian Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan.