ETB

ETB1ek 'Itxaso' telesaila emango du gaurtik aurrera

Telesailak zortzi atal ditu, eta Primeran plataforman osorik ikus daiteke. Aktore protagonistak Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza dira.

Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza aktoreak. ETB
Jon Plazaola, Nerea Mazo eta Itziar Atienza aktoreak. ETB
urtzi urkizu
2024ko maiatzaren 3a
05:00
Entzun

Azarotik otsailera bitartean, ETB1ek Go!azen telesaila eman zuen ostiral gauetan; Irabazi arte-ren hirugarren denboraldia etorri zen gero. Gaurtik aurrera, berriz, ordutegi horretan (21:00), Itxaso telesaila ikusi ahalko da zortzi astez, zortzi atal baititu euskarazko fikzio horrek.

Telesaila Primeran doako plataforman estreinatu zuten, iazko irailean. Ondotik, Netflix plataformara iritsi zen azaroaren 10ean. Eta, orain, telebista konbentzionalean emango dute. Surfaren munduan dago girotuta istorioa. 17 urteko neska baten istorioa kontatzen du: ama hiltzean, Mexikotik Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batera joango da, aitarekin bizitzera. Herri horretako surf eskola bateko arduraduna da aita, eta alabak apenas ezagutzen duen.

Telesailaren aktoreen artean Jon Plazaola, Itziar Atienza, Nerea Mazo, Nerea Garmendia, Amancay Gaztañaga eta Aitor Borobia daude. Fikzioaren ideia originala Sergio Sanchorena eta Daniel Terzaguirena da. Telesaila Antonio Diaz Huertak zuzendu zuen —ez daki euskaraz—.

K-2000 ekoiztetxeak (Mediapro) eta ETBk ekoitzi zuten telesaila. Bizkaiko kostaldean grabatu zuten: Gorlizen, Muskizen, Plentzian eta Sopelan.

Itxaso telesailaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.