ETB2k 'Andrea Chenier' opera emango du gaur arratsaldean

OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak eta EITBk indarrak batuko dituzte, opera gizarteari gerturatzeko ahaleginean, eta 'Kult_opera' egitasmoa jarri dute abian.

'Andrea Chenier' opera. E. MORENO ESQUIBEL
'Andrea Chenier' opera. E. MORENO ESQUIBEL
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ETB2 kateak Andrea Chenier opera emango du gaur, 19:00etan, zuzenean, Bilboko Euskalduna jauregitik. Umberto Giordanoren lan bat da, Frantziako Iraultzaren garaian girotua. OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak eta EITBk indarrak batu dituzte, opera euskal gizarteari gerturatzeko, telebista emanaldi berezi horren bitartez.

OLBEk koproduzitu eta Kutxabank erakundeak babestutako muntatze lana da Euskaldunara iritsiko den opera hori. Xabier Garcia Ramsden kazetariak aurkeztuko du emanaldia, ETB2n eta ETB On plataforman. Lehen ekitaldia amaitu ondoren, Garcia Ramsdenek bi gonbidaturekin hitz egingo du: Juan Carlos Matellanes OLBEko presidentearekin eta Alfonso Romero Mora eszena zuzendariarekin. Elkarrizketaz gainera, entseguetako irudiak emango dituzte. Ondoren, operaren bigarren ekitaldia emango dute. ETB2 katean oso ezohikoa den zerbait gertatuko da gaur: gaueko Teleberri albistegia ohi baino beranduago hasiko da.

Andrea Chenier operak maiatzaren 26an eta 29an eta ekainaren 1ean ere izango ditu emanaldiak Euskalduna jauregian. Hala amaituko dute Bilboko opera denboraldia.

KULT_agenda eta KULT_zinema martxan jarri ondoren, KULT unibertsoaren aterpean bilduko du EITBk bere opera eskaintza. «Eszena artistikoaren erreferentzia moderno eta erakargarri bat izan dadin sortutako edukiontzi bat» da, sektorerako eduki estrategikoak ere barne hartzen dituena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA