Protagonistarentzako lau aria esanguratsurekin, luzitzeko moduko opera horietako bat izaten da Andrea Chernier. Frantziako Iraultzak exekutatutako izen bereko poetaren benetako historia baliatu zuten Umberto Giordano konpositoreak eta Luigi Illica idazleak hari eskainitako opera sortzeko, eta, ondorioz, haren bizialdiaren araberako lirismoa eta dramatismoa dario elkarrekin sortu zuten lanari ere. 1896an estreinatu zuten lehenengoz Milango La Scala ezagunean, eta mundu osoko antzokietan programatzen dute oraindik ere; poetaren ahotsean ari den kantariak egin ditzakeen erakustaldi horiengatik, besteak beste. Eta, hain zuen ere, lan hori hautatu du Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak aurtengo denboraldia ixteko. Lau emanaldi antolatu dituzte Bilboko Euskalduna jauregian. Maiatzaren 23an, 26an eta 29an izango dira lehen hirurak, eta ekainaren lehenean laugarrena. Gainera, ETB2 katean zuzenean emango dute lehen emanaldia.
Aurrez ere taularatu izan dute opera hori OLBEkoek, eta oraingoan Michael Fabiano tenorra jarri da Andrea Chernier poetaren lekuan. Saioa Hernandez sopranoak egingo du Maddalena di Coignyren rola, eta bien arteko ezinezko maitasuna izango da obraren gako nagusietako bat. Eta, azkenik, Juan Jesus Rodriguez baritonoa izango da bi maitaleen nondik norakoak behin betiko ebatziko dituen iraultzaren agentea. 1789 eta 1794 urteen artean girotuta egonik, testuinguru historiko bortitz horretan, erabat tragikoa izango baita bi maitaleen amaiera.
Baina hirukote nagusi horrekin izango dira oholtzan Nancy Fabiola Herrera, Veta Pilipenko, Gabriel Alonso, eta Jorge Rodriguez-Norton ere. Eta haiekin guztiekin batera arituko dira kantuan Fernando Latorre, Jose Manuel Diaz eta Gexan Etxabe ere. Guillermo Garcia Calvok zuzenduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, eta Bilboko Operaren Koruak ere hartuko du parte. Iraultzaren eta herriaren ahotsa irudikatuko dute koruko kantariek, eta Esteban Urzelai arituko da zuzendari lanetan.
Amodioa eta heriotza
Klase gatazkak eta tirabira politikoek blaitzen dute lan osoa, baina maitasun istorio bat ere kontatzen du operak, eta, hain zuzen ere, amaieran heltzen da dramatismo gorenera. Chernierrek eta Maddalena di Coignyk elkarrekin abesten dutelako, justu gillotinarako bidean doazela. «Viva la morte insiem!». Gora heriotza, elkarrekin. Operagileen ikuspegiaren arabera, are heriotza bera baino ahaltsuagoa baita maitasuna.
Castell de Peraladako festibalarekin batera ekoitzi du opera oraingoan OLBEk. Alfonso Romero Mora izan da eszena zuzendaria, eta antolatzaileek haren proposamenak duen poesia laudatu dute. Ricardo Sanchez Cuerdak diseinatu ditu gune eszenikoak, eta, Gabriela Salaverri kataluniarrak sortu ditu kantariek jantziko dituzten garaiko hamaika soinekoak. Sergio Fontan da argiaren arduraduna.
Guztien artean, erdi eroritako jauregi baten aretoa irudikatuko dute lehen eszenan, esaterako. Bigarren eszenan, aldiz, garai hartako iluntasuna irudikatuko dute eszenografiak eta bestelako elementuek, eta, azkenik, gizarte iraultzailea ere eramango dute oholtzara, operaren hasieran agertutako jauregiaren gainean eraikitako kartzelarekin.
Ikusi gehiago
OLBEko ordezkariek adierazi dutenez, berezia izango da hurrengo denboraldia. Iragarri dutenez, La Traviata operarekin hasiko dira emanaldiak urrian, eta hiru urteko ospakizun ziklo bat ere abiatuko du elkarteak horrekin batera. Alde batetik, Bilbon izango duen 75. opera denboraldia izango delako hurrengoa, eta, horrez gainera, 2028an beteko direlako beste hainbeste urte elkartea sortu zenetik. Eta, horregatik, programa berezia antolatuko dute, hiru denboraldikoa.