ETB3 ez itxi! Haurrentzako euskarazko kate irisgarri bat bermatu! lelopean, agiri bateratu bat aurkeztu dute hainbat eragilek gaur eguerdian, Donostian. Pantailak Euskaraz taldeak ETB3 ez ixteko sinadura kanpaina jarri zuen abian duela egun batzuk, eta 25.000 sinadura jaso dituzte. «Horrek agerian uzten du gizarteak ez duela erabakia ulertu, eta, are gehiago, EITBren erabakiak euskal gizartean kezka eta ezinegon handia sortu duela», esan du Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz taldeko ordezkariak. EITBri haurrentzako ETB3 katea ixteko erabakian atzera egiteko eskatu diete agiriaren sinatzaileek. «Eta bere sorrera legean dagoen euskararen normalizaziorako helburuari heltzeko eskatu nahi diogu EITBri, eta Euskal Herriko etxe guztietara haurrentzako euskarazko edukiak modu unibertsalean eta ordu oro iritsiko direla berma dezatela».
Pantailak Euskaraz eta Aldatu Gidoia taldeekin batera, agiriarekin eta agerraldiarekin bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskal Herriko Ikastolek, Sortzen elkarteak, Taupa mugimendua-Kukulaisik, Hezten taldeak, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariek, baita Steilas sindikatuak ere.
Martxoaren 16an, EITBk jakinarazi zuen handik bi egunera ETB3 haurrentzako euskarazko katearen emisioa bertan behera utziko zutela eta haren lekuan ETB1 On katea agertuko zela. «Bertan, ETB1eko hainbat edukiren errepikapenak eta zuzeneko saioak eman dituzte egun hauetan», esan du Altzugaraik. «Haurrentzako euskarazko telebista kate bakarra desagertzeak kalte atzeraezina sor dezake euskararen normalizazioan». Izan ere, gogorarazi dute EAEko etxeen ia %40k ez dutela telebista konektaturik, Eustaten datuen arabera, eta datua Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian antzekoa izan daitekeela uste dute. «Makusi plataformak 90.000 profil dauzka Euskal Herri osoan; beraz, oraindik ere oso urrun du Euskal Herriko familia guztietara iristea». Horrez gain, ohartarazi dute telebista adimendun asko ez direla bateragarriak Makusi plataformarekin. Beste datu bat ere eman dute: DOS30 kontsultore enpresaren arabera, 4-12 urte arteko haurren %43-62 artean telebista konbentzionala ikusten aritzen dira. «Gauzak horrela, ETB3ren desagerpenak Euskal Herriko familia asko haurrentzako euskarazko katerik gabe utzi ditu. Leiho bat itxi zaio euskarari».
Altzugaraik gogoratu du 1980ko eta 1990eko hamarkadetan euskarazko marrazki bizidunak ematen zituztela ETB1en. «Horiek funtsezkoak izan ziren belaunaldi oso bat euskalduntzeko». Baina, talde euskaltzaleen arabera, ETB3ren itxierak «ataka larrian» jarri ditu gailu adimendunetan marrazkiak ikusteko aukerarik edo ohiturarik ez duten milaka haur. «Izan ere, etxe horietan Boing, Clan eta erdarazko beste hainbat haurrentzako kate bihur daitezke haientzat eguneroko aukera bakarra».
Euskararen leihoak zabalik nahi dituzte
Markel Adin Aldatu Gidoia taldeko kideak aitortu du euskarak plataforma digitaletara egokitu behar duela. «Eta egokitzen ari da. Litekeena da hemendik urte batzuetara telebista konbentzionala desagertzea. Baina ez dugu uste ETB3 ixteko garaia heldu denik. EITBren erabakiak haurren hizkuntza eskubideetan zuzeneko eragina du, euskarazko kate unibertsal bat desagertzean euskarazko edukiak jasotzeko eskubidea mugatzen baitzaie». Egoera larria dela salatu du Aldatu Gidoia taldeko ordezkariak: «Euskararen normalizazioan azken urteotan izandako geldotze edo atzerapenak euskararen leiho guztiak zabalik izatea eskatzen du. Eta ez dauzkagun bakanak ixtea».
Adinek, era berean, nabarmendu du ETB3ren itxierak euskarari eta euskaldunei kalte egiten diela. «Aldiz, gaztelerari eta frantsesari egiten die mesede, euskararekin betetzen ez dugun eremu bakoitza erdarek betetzen baitute».
EITBko zuzendaritza kritikatu dute eragileek, halaber, erabakia hartzeko moduagatik. «Euskalgintzako eta hezkuntzako eragileekin, sindikatuekin eta soziolinguistikan aditu direnekin hitz egin eta kontrastatu gabe hartu du erabakia EITBk, egun batetik bestera ETB3ren itxiera iragarrita eta gauzatuta. Euskararen normalizazioan erabaki horrek izan dezakeen eraginari buruz inolako azterketa eta hausnarketa partekaturik egin gabe, gainera».
Testua irakurri ostean, Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak azaldu du asteazkenean EITBko zuzendaritzak bilera bat izango duela haiekin eta euskalgintzako beste bi talderekin.
Martxoaren 18an ETB3 desagertu zenetik, soilik alderdi politiko bat mintzatu da gaiaz: PPko legebiltzarkide batek txalotu egin du itxiera, hark hori eskatu baitzuen legebiltzarrean, duela urtebete. Beste alderdi politikoek ez dutela ezer esan salatu du Pantailak Euskaraz-eko ordezkariak. «Pena ematen digu gaia euskal alderdi politikoen agendan ez egoteak. Haien atea joko dugu, edonola ere».
❤️🔥Benetan hunkigarria @aek_eus #Korrika|ren parte izatea, azken egunean Bilbon. Eskerrik asko antolatzaileei eta Zorionak Euskal Herria‼️
— Pantailak Euskaraz (@PantailakEusk) March 30, 2026
💪#PantailakEuskaraz eta #ETB3ezITXI leloak ibilbide osoan zehar egon dira presente. Pantailetan ere #EuskaraGara.
📣Aurrera goaz, bazatoz? pic.twitter.com/84K6R8ZnNR