ETB

ETBk lan batzuk kanpora ateratzea salatu du LABek

Sindikatuaren arabera, ETBko zuzendaritzak hainbat programa ekoizteko zerbitzuak azpikontratatzen ditu, unitate mugikorra eta lantaldea libre egon arren.

urtzi urkizu
2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

«Zergatik azpikontratatzen ditu zuzendaritzak lantalde oso bat eta unitate mugikor bat, EITBkoak libre baldin badaude?». LAB sindikatuak behin baino gehiagotan egin dio galdera hori ETBko zuzendaritzari. Izan ere, sindikatuak salatu du ez duela irizpide objektiborik eta gardenik erabiltzen programa bat kanpoko enpresa batek noiz eta nola egin behar duen erabakitzeko.

Hainbat adibide eman ditu LABek. Denboraldi honetan, ETB1eko Biba Zuek! saioa, adibidez, Miramongo estudioetatik kanpo egin dute egun berezi batzuetan, eta programa horiek New Media enpresak ekoitzi ditu, EITBko zuzendaritzak eskatuta: Donostiako Zinemaldian, irailaren 25etik 29ra. Guztira, bost egun, bost programa, Donostiako Aiete auzoan dagoen eraikin batean egin zituzten. Durangoko Azokan, abenduaren 7an, Landakogunetik egin zuten programa berezia. Eta sagardotegi garaiaren hasieran, urtarrilaren 16an, Alorrenea sagardotegitik (Astigarraga, Gipuzkoa) egin zuten programa. LABek dioenez, egun horietan guztietan Pixel ekoiztetxearekin egin zituzten aipatutako saio bereziak, eta haiek jarri zituzten baliabide tekniko guztiak, baita errealizadorea ere. Bitartean, Miramonen Irregular Txandan (IT) dagoen ETBko lantaldeak ez zuen egitekorik izan, eta unitate mugikorra ere libre zegoen.  
 
Gainera, sindikatu abertzaleak azpimarratu du ikasturtearen hasieran egiten direla horrelako eskaera bereziak, eta, ondorioz, denboraz aurreikusita antolatu daitezkeela EITBko lantaldea eta unitate mugikorra erabiltzeko eskaerak.  
 
ETBko zuzendaritzak honela erantzun zion LABi: «Ondo dakizuenez, zuzendaritzari dagozkio baliabideen kudeaketa eta horren arrazoiak. Hala ere, EITB ez den enpresa batek kanpo produkzio bat egin behar duenean, oro har, bere baliabideekin egin behar du, edo berak kontratatutako baliabideekin».
 
Alabaina, LABek dio hori gezurra dela. «Horren erakusgarri da, adibidez, ETB1eko Urtezaharreko kanpaien programa berezia Orio Produkzioak-ek ekoitzi zuela, ETBko unitate mugikorrarekin eta ETBko lantaldearekin».   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.