Komunikazioa. Aizpea Oihaneder. Sukaldaria

«Etxeko errezetak era ezberdin batean egiten ahalegintzen naiz»

ETB1en 'Oihaneder bere saltsan' sukaldaritza programa aurkezten du Aizpea Oihanederrek, astelehenetik ostiralera, 13:35ean eta 21:00etan.

ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
2008. urtean, Donostiako Igara auzoan Xarma jatetxea zabaldu zuen Xabi Diez bazkidearekin batera Aizpea Oihanederrek (Donostia, 1975). Uztailean eta abuztuan emango dute sukaldaritza programa, baina hark gustura jarraituko luke irailetik aurrera ere.

Nola sortu zaizu ETBn sukaldaritza saioa egiteko aukera?

ETBtik deitu zidaten, eta casting batzuk egin behar izan nituen. Horiek prestatu, eta azkenean baiezkoa eman zidaten.

Eroso sentitzen al zara kameren aurrean?

Aitortu behar dut aurreneko astean pixka bat kosta zitzaidala. Kamera aurrean sukaldean aritzea eta jendeari zerbait interesgarria kontatzea ez da hain erraza. Baina bigarren astean pixkanaka hasi nintzen pixka bat ohitzen, eta, gero, gozatzeko unea iritsi da.

Zer motatako sukaldaritza helarazi nahi diozu ikusleari?

Saiatzen ari naiz etxeko sukaldaritza egiten, azokako produktuekin errezeta merke eta osasungarriak egiten; adibidez, barazkiak askotan prestatzen ditut. Etxeko errezetak era ezberdin batean egiten ere ahalegintzen naiz, modu dibertigarriago batean. Etxean askotan gertatzen zaigu ez dakigula zer egin. Hortaz, teknika batzuk erakusten saiatzen naiz, baina merkatuko ohiko produktuekin. Azken finean, adin guztientzako programa bat da.

Garai batean, Martin Berasategirekin aritu zinen sukaldean. Zeintzuk dira zure erreferenteak sukaldaritzan?

Niretzat pasa naizen leku guztietako sukaldariak dira erreferenteak. Bakoitzarengandik gauza bat ikasi dut. Berasategi anaia bat da guretzat; babesa dugu harengandik. Arzakekin eta Arbelaitzekin ere egona naiz, baita Santamariarekin ere.

ETB2n Robin Food egiten du David de Jorgek. Zure estiloa sotilagoa dela esan dezakegu?

Biak ezberdinak gara. Bakoitzak gure izaera dugu, eta sukaldean bakoitzaren izaera islatzen da. Baina niri asko gustatzen zait haren programa. Barazkiak eta fruta asko gustatzen zaizkidan bezala, jatetxean bertan David de Jorgek egiten dituen errezetak guretzat egin izan ditugu bazkaltzeko.

Eta Argiñanori buruz zer esan dezakezu?

Komunikatzaile moduan oso ona da Argiñano. Hura ikusten asko ikasten dut. Guztiengandik ikasten dut; bestela ez dut aurrera egingo. Denak dira irakasle niretzat.

Ondo jatea garrantzitsua da. Zer deritzozu telebista publiko batek alor horretan lan egiteari?

Niretzat, funtsezkoa da ondo jatea. Ikastoletan txikitatik gai bat egon beharko luke elikaduraren ingurukoa. Telebistan ere zergatik ez? Ni saiatzen naiz zabaltzen elikadura gure osasunaren parte garrantzitsua dela.

Gure aitona-amonen belaunaldikoek hobeto jaten al zuten guk baino?

Oraingo arazo handiena denbora falta da. Ez dugu denborarik sukaldean aritzeko. Gure aitona-amonen garaian denak elkarrekin biltzen ginen bazkaltzeko eta afaltzeko. Oraingoa ez da hobea edo txarragoa, ezberdina baizik.

Hala eta guztiz ere, badirudi gero eta jende gazte gehiago jabetzen dela baratzeko produktuen balioaz, ezta?

Bai. Nire lagun askok, adibidez, nekazaritzako produktuen saskiak erosten dituzte. Kontzientzia hori gure artean ez da galdu, eta ez luke galdu behar.

Pedro Miguel Etxenike maiz joaten da Xarma jatetxera. Telebista saiora gonbidatuko al zenuke?

Animatzen bada, primeran. Datorren astean Urko kantaria etorriko da. Nire amak Urkoren binilozko diskoak jartzen zizkigun, eta, orain, ohore bat da sukaldean haren ondoan izatea.

Sukaldaritzaz aparte, egingo al zenuke beste telebista saio bat?

Sukaldaritzaz at ez diot neure buruari planteatzen bestelako saiorik egitea. Oraingoz, nahi dudana sukaldaritza saioak aurrera egitea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.