Euskal blogosferaren gurasoak

Hamar urte bete ditu 'Eibar.org' webguneko blog komunitateak.Gaur festa bat egingo dute ospatzeko, Eibarko Arma museoan

K Saioa Alkaiza(h)
Donostia
2014ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal blogik apenas zegoen, bakan batzuk baino ez. Eta sakabanatuta zeuden denak. 2004. urtea zen. Ahul zegoen oso sarean euskal mundua. Egoerari buelta eman behar zitzaiola otu zitzaien Eibar.org-eko kideetako batzuei; blog komunitatea sortu zuten orduan. Hamar urte pasa dira geroztik. Eta guztiz bestelakoa da Euskal Herriko blogosfera: gune asko daude, eta euskarazko sarrerak ugariak dira. Egungo errealitatea, ordea, ez zen berbera izango aitzindari izan zen blog komunitate horregatik izan ez balitz. Hamargarren urteurrena harrotasunez ospatzen ari dira Eibar.org blog komunitateko kideak.

«Inportantea da norberak ahotsa izatea. Ez kexatzea esanez: 'Honetaz ez du inork hitz egiten!'. Norberak hitz egin behar du, ardura hartu behar du». Edozeinek iritzia plazaratzeko leiho gisa ikusten ditu blogak Luistxo Fernandez Eibar.org blog komunitateko kideak. Egitasmoaren hastapen garaian aritu zen, eta garbi oroitzen da eratze prozesuarekin. Interneteko erabiltzaileen elkarte bat zuten Eibarren, eta handik hasi zen dena. Euskarazko blogak batzeko «tresnaren bat» behar zela ikusirik sortu zuten biltegia. Gutxi izan ziren garai horretan, «sei edo zortzi baino ez». Urteekin, baina, handitzen joan da.

34 blog ingururi ematen diote orain ostatu. Dena den, horietatik «dozena bat edo» dago aktibo. Hala ere, orrialdea osasuntsu dagoela aldarrikatu du Fernandezek. Ez dute soilik lortu euren webgunea egotea sasoiko, euskarazko gainontzeko guneek ere ikasi dute eurengandik. «Orain, blog kuadrilla bat badago: BERRIAn, Argia-n, Blogak.com, Blogari.net...». Landatutako haziaren fruituak dira gune horiek.

Eibar.org ataria eta bertako elkartea ikertzen ari da Maialen Odriozola, Eibarko Udalak eskainitako Juan San Martin bekari esker. Orain, gunearen berezitasunak aztertzen dihardu, eta ongi daki jakin zeintzuk diren blog komunitatearen ezaugarriak. «Blogintza zerbait indibiduala balitz bezala ikusten dugu, baina badauka alde soziala ere». Eibar.org-en asmatu dute kolektibotasun hori barnebiltzen.

Bada pentsatzen duenik blogen garaia pasa dela; Fernandezentzat, haatik, ustela da ustea; hanka eta bururik gabekoa: «Blogetan gauza interesgarri asko dago oraindik. Funtsezko erremintak dira komunikazio modernoan». Iritzi berekoa da Odriozola; onartzen duen arren sare sozialek hein batean apaldu dutela blogen erabilpena, uste du oraindik badutela zentzua. «Beste aro bat» hasi da, Twitter eta Facebook plataformen eraginez. Haren aburuz, lehen blogetan zeuden zenbait erabiltzailek utzi egin dute blogaren jarduna; nolanahi ere, badira sare sozialak blogaren «osagarri» gisa hartzen dituztenak ere. Hala, askok biak uztartzen asmatu dutelakoan dago. «Blogean patxadaz idatzi eta gero, sare sozialak zabaltzeko erabiltzen dituzte».

Bloga, baina zertarako?

Eibar.org-ek «esperientzia handia» dauka sare sozialekin, Odriozolaren irudiko. Aspaldi sortu zuten herritarren artean komunikatzeko posta zerrenda bat: eibartarrak. 1998an, hain zuzen ere. Hori kudeatzen aritu dira Eibar.org-eko kideak, eta, ondorioz, bat-batekotasunean oinarritutako komunikazio sareek ez dituzte ezustean harrapatu.

«Euskaraz edukiak sortzeko eta ahots publiko bat eskaintzeko balio dute blogek; herritarrak berak izan daitezen interesatzen zaiena argitaratzen dutenak». Horretarako balio dute blogek, Odriozolak dioenez. Eta bide beretik jo du Fernandezek: «Iritzi antolatu eta serio bat zabaltzeko eta formulatzeko dira». Indarrean dago oraindik euren funtzioa, beraz. Martxan segitu behar dute.

Leire Narbaizaren Kalamutik Txargainera, Oier Gorosabelen Garagoittiko Orakulua, Luis Irigoienen Irigoien, Ane Sarasketaren Berbak dantzan, Xabier Etxanizen Ate adina maratila... horiek dira egun dauzkaten blogetako batzuk. Pertsonalak gehienak, baina elkarteek ere zabaldu dezakete euren gunea. Gauza bakarra baino ez dute exijitzen: informatzeko gogoa.

Festa antolatu dute hamargarren urteurrenaren bueltan. Gaur, Eibarko Arma museoan jarri dute elkargunea. Aurrena, bisita gidatua izango dute museoan barrena, eta eguerdi partean, berriz, eguneko zita garrantzitsuena iritsiko zaie: urteurreneko ekitaldia. Bertan parte hartuko dute Fernandezek eta Odriozolak. Eibar.org elkartearen izenean lehenak, eta blog komunitatearen analisia egiten bigarrenak. Haietaz gain, .eus fundazioko Josu Waliñok ere hartuko du hitza. Ostean, blog-post irakurketa musikatua prestatu dute. Bukatzeko, bi bideo proiektatuko dituzte.

Ane Urkiola aritu da ikus-entzunezko obrak sortzen, eta Odriozola izan du laguntzaile. Bideotako batean, Eibar.org-eko kideak elkarrizketatu dituzte, hasiera azal dezaten. Beste bideoan, euskal blogosferako zenbait blogari azaltzen dira, sareko egoeraren bilakaera azaltzeko. «Besoak zabalik» jaso zuten elkarrizketatuek egitasmoa, eta gaur ikusiko dute emaitza. Horrez gain, Youtuben ere jarriko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!